Diskoaren finantzazioan laguntzeko taldeak zabaldutako crowdfunding kanpainan ekarpen ekonomikoa egin zuten lagunek izango dute, deskargaren bidez, diskoa entzuteko lehen aukera datozen egunetan, baina aurrerapen gisa, Ametsik ederrena lehen singlea entzun ahal izango da bihartik aurrera Badok atarian.
Argia eta itzala (Gaztelupeko Hotsak, 1998) eta Zero (Gaztelupeko Hotsak, 1999) grabatu zituen lan talde berberak — Txomin Uribe, Josu Aranbarri, Jesus Galan eta Pello Larrañaga musikariek, Josu Lastra soinu teknikariak eta Kirmen Uribe idazleak osatutakoa— ondu du u diskoa. Hortaz, bi haiekin nolabaiteko “trilogia” osatzen du lan berriak —izenburua ere bi disko haienaren segida litzateke—. “Jesus Galanen bueltatzea nabaritzen da gitarra indartsuetan eta bere jotzeko era berezi horretan. Baina ezin ahaztu taldean Gabeko kalapitxixak lanak utzi duen arrastoa, abestien heterogeneitatean esaterako, baita abesteko askatasunean eta lasaitasunean eta akustiken erabileran ere”, azaldu du taldeak.
1991. urtean sortutako taldearen etapa desberdinetako eraginak batzen dituen lana dela aurreratu du, baina badira ñabardura berriak instrumentazioan —teklatuak, mandolina eta cavaquinhoa erabili dituzte—, eta lehen aldiz country ukituko abestiak daude. Petti kantariak, Urtzi Lee mandolina eta cavaquinho jotzaileak eta Katü Bürü perkusio taldeak kolaboratu dute diskoan.
Tio Pete estudioan grabaturiko 11 kantu biltzen ditu 'u'-k, eta horietako bat, Zu gabe, Aitzol Aramaio zinemagile eta Piztiakeko kideen lagun mina zenari eskainia dago. Ohi bezala, Kirmen Uribek sortu ditu hitzak zenbait kantutan, eta hori da single gisa aukeratutako Ametsik ederrena abestiaren kasua. Kantu hori Badok atarian entzun ahal izango da bihartik aurrera.
Diskoaren lehen zuzeneko aurkezpena apirilaren 25ean izango da, Bilboko Campos antzokian, Loraldia jaialdiaren barruan.