Inglaterrako arma nuklear lantegi bateko blokeoan parte hartu dute KEM-MOCeko hiru kidek

uriola.eus 2015ko mar. 2a, 19:00

Europa osoko 150 ekintzailek, tartean Bilboko Talde Antimilitaristako hiru kidek, bederatzi orduz itxita izan zuten atzo -martxoak 2- Inglaterran, Burghfieldeko AWE arma nuklear lantegiko sarbidea.

Indarkeria gabeko ekintza izan zen Europa osoko 150 bakezalek atzo Reading ondoan burutua. Trident misil britainiarretan erabiltzen diren plutonio buru nuklearrak ekoitzi eta muntatzen dituen AWE lantegia blokeatu zuten bederatzi orduz. Goizean goiz elkarri lotu ziren ekintzaileak, eta 17:00ak arte lantegiko sarbidea itxita mantendu zuten.

Burghfieldetik -Londresetik 72 kilometrora- Eskoziako Coulporteko biltegiraino buru nuklearrak "aktibo daudela" kamioietan garraiatzen dituztela salatu zuten ekintzaileek. "Guzti hau gelditzeko" indarkeria gabeko erresistentzia zibilaren alde egin zuten. Armagintzako enpresei ez ezik Bretainia Handiko agintariei ere mezu zehatza helarazi zieten: "Arma nuklear eta hilketa handiekin aurrera egin ordez, bideratu baliabideak benetako segurtasun beharrizanetara, esaterako, ingurumenaren eta klimaren suntsipenari aurre hartzera".


Informazio gehiago: http://actionawe.org/topics/burghfieldlockdown/