Mundu anker honetan, emakumeok gure ahotsa entzunarazi nahi dugu. Gure bizipenei begiratuz zenbait irudi datorzkigu burura: emakumeok gure etxeetako arnasa, samurtasuna, indarra izan gara, baita langabezia jasan behar duten gure seme alaben sostengua ere; zaintzaileak izan gara, bizitza aurrera atera dugun injineruak..., babes beteriko gure esku zartatuek zoruak garbitu dituzte, sareak konpondu, baserriak sostengatu... Ezegonkortasuneko lanetan jardutea tokatu zaigun langileak gara. Hala ere, gutariko asko erretiro eskubiderik gabe iritsi gara jubilazio adinera eta gure lana ikusezina bihurtu da gizartearentzat.
Horregatik gure ahotsa entzunarazi eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren printzipioekin bat egiten dugu honakoak esijituz:
- Gizarteari eskeinitako gure lanaren errekonozimendu sozial eta ekonomikoa izatea.
- Legez, pentsio propioa izateko eskubidea emakume guztiontzat, familia unitatearen menpeko izan gabe eta 1000€ko baino beheragoko pentsiorik gabe, duintasunez bizi ahal izateko.
- Bereziki 164.430 emakume alargunek, bataz besteko 321€ eta 718€ arteko pentsioa kobratuz jasaten duten egoera salatu nahi dugu. Alargun guztiek bere ezkontideek edo izatezko kideek zeukaten %100 araudi erregulatzailea jasotzeko eskubidea izan dezatela esijitzen dugu.
- Preso egon diren emakume guztientzat pentsio justu bat izateko eskubidea exijitzen dugu.
- Murrizketarik gabe beteko den Menpekotasun eta Norberaren Autonomia Lege propioa Euskal Herriarentzat zeinen bitartez, gure inguru sozialeko etxe bizitza duinetan bizi ahal izateko aukera izango dugun. Baita, zahar egoitza publiko duinetara eta pisu tutelatuetara sarbidea izateko eskubidea.
- Gurekiko edozein indarkeri, makurkeri eta mespretsu jarrerak erabat baztertzea eta ezabatzea.
- Exijitzen dugu ere, gure etxeetako eta gizarteko erabakietan aktiboki parte hartzeko eskubidea izatea.
Gure eskubidea delako exijitzen dugu!
Martxoaren 8 honetan, ezin ditugu ahaztu edozein motatako indarkeria eta askatasun eza jasaten dituzten emakumeak; baita ere muturreko egoeran bizi direnak ere. Gure babesa eta elkartasuna beraientzat!
Hemen bizi hemen erabaki! Gora Borroka feminista!