Eguzkik hiru erakunde egin ditu Artigaseko zabortegi alboko mendien egoeraren erantzule

uriola.eus 2015ko mar. 6a, 10:00

Argazkia: eguzki.org

Kudeaketa "txar baten" ondorioz, tratatu gabeko hondakinak zabortegira bota direla salatu du Eguzki talde ekologistak. Haizeak mendietara zabaldutako hondakinek inguruko basoetako ekosistemak "kaltetu" dituztela eta, Artigaseko zabortegi alboko mendiak garbitzeko eskatu die Eguzkik hainbat erakunderi.

Duela aste batzutatik hona Artigas zabortegi alboko mendiak "plastikoz beteta daude". Eguzki taldearen arabera, birziklagarriak ziren plastikoak dira "gehienak". Web gunean zehaztu duenez, "itxura denez, haizeak inguruko mendietara eraman zituen zabortegi horretara botatako hondakinak".

Hori dela eta, Eguzki talde ekologistak salaketa aurkeztu du URA agentzian, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean eta Bizkaiko Foru Aldundian. Hiru erakundeei erantzukizuna eskatzen die Artigasko zabortegira "tratatu gabeko hondakinak botatzeagatik" eta "kudeaketa txar baten ondorioz inguruko basoetako ekosistemak kaltetzegatik". Ibaiak, fauna eta flora, hain zuzen ere.

Hiru erakundeei eskaria ere luzatu die Eguzkik: zabortegira "tratatu gabeko hondakinik ez botatzeko" eta Artigaseko zabortegi "alboko mendiak garbitzeko".

 

eguzki.org

 

[2015/03/04] Artigas inguruko mendia garbi dagoela dio Udalak, eta zikin jarraitzen duela EH Bilduk eta Berria egunkariak