Martxoak 8

Aldaketaren, hazkundearen eta autonomia pertsonalaren bidean eskutik helduta

uriola.eus 2015ko mar. 6a, 13:36

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko xede partekatuan hainbat gizarte-eragilek hartu duten konpromisoa aitortu nahi izan du Martxoaren 8ko agerraldian Bilboko Udalak. Aitortza horren erakusle, Botikazar ikastetxeko ikasleek "Hezkuntza feminista berdintasunaren giltza" dela defendatu dute.

Botikazar Institutuak egindako ahalegina eta lana nabarmendu ditu Bilboko Udalak. Batik bat, bertako ikasleek lantzen duten emakumeen eta gizonen arteko "berdintasunaren aldeko kontzientzia kritikoa" eta "elkarrenganako aitortzan nahiz errespetuan oinarritutako harremanen eraikuntza".

Inaxio, Abigail eta Itxaso ikasleek hartu dute hitza udaletxeko sarreran. Emakumeen eta gizonen arteko harremanen arloan gizartean lorpenak eta aldaketa "nabarmenak" egon diren arren, harreman horiek "jendartean errotutako berdintasunik ezaren gainean eraikitzen jarraitzen dutela" aipatu dute. Eta, sarritan, "eguneroko jarreretan ere azaltzen direla".

Gizon eta emakume guztiak gara "egoera horren biktimak", adierazi dute. "Berdintasunik ezean oinarritutako harremanak iraunarazten ditugu; izan ere, aldaketaren, hazkundearen eta autonomia pertsonalaren bidea aldarrikatu eta eskutik helduta ibili behar dugun bidea da".

Ikasle diren heinean, berdintasunerako aldaketak Hezkuntzaren esparrutik bultzatu behar direla pentsatzen dute. Horregatik jarri dute abian Botikazar BHIn 'Hezkuntza feminista berdintasunaren giltza' egitasmoa. Besteak beste, "Azaroaren 25ean emakumeek pairatzen duten indarkeriaren aurkako salaketa eta posizionamendua erakusteko, Martxoaren 8an emakume eta gizoen arteko berdintasuna aldarrikatzeko eta mugimendu feministaren lana aitortzeko, eta azkenik, berdintasunean oinarritutako hezkuntzak Europako hezkuntza-sistema osoan daukan garrantzia aldarrikatzeko".

Egunotan herri-erakundeak eta gizarte nahiz hezkuntza-arloko mugimenduak sustatzen dabiltzan ekimenetan parte hartzeko deia eginez amaiu dute agerraldia. Batez ere, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, 13:00etan, Arriaga plazan, Koordinadora Feministak deitutako manifestazioan parte hartzeko mezua zabaldu dute.

 

ELA: "Feminismorik gabe ez dago alternatibarik"

Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, ELAk formazio jardunaldia egin du gaur Bilbon. Jardunaldian azpimarratu denez, "emakumeak biztanleriaren erdia izateaz gain, beste gizarte eredu baten bidean ezinbesteko subjektu gara". ELAko Mirari Irurek, esaterako, azpimarratu du "feminismotik alternatiba desberdinak ditugu mahai gainean eraldaketa soziala aurrera eramateko".

Irurerekin batera Silvia Piris Lekuona militante feminista izan da. Pirisek "kapitala eta patriarkatuaren arteko aliantza puskatzeko bideak eta estrategiak" azaleratu ditu. Era berean, feminismoa "gure organizazioetan nola barneratu ahal den" ere aztertu du.

Azkenik, alternatiba feminista konkretuez hitz egiteko Equipare Gizarte Ekimenerako kooperatibako eta EHNE Bizkaiko kideak izan dira euren esperientziak partekatzen.

Ekitaldia Guggenheim museoko plazan eginiko elkarretaratze batekin bukatu da; bertan ELAko militanteen konpromisoa kalera atera nahi izan dute, "sindikalismoa eta feminismoa bat eginez".