Bilbobusek bost autobus berri izango ditu gailu mugikorretarako kargagailuekin

uriola.eus 2015ko mar. 9a, 11:00

Gaurtik aurrera, bost autobus berri izango dira Bilbobusen, abenduan martxan jarri ziren sei autobus berriekin batera. Ibilgailu hauek azken aurrerapen teknologikoez hornituta daude eraginkortasun energetikoari dagokionez; 1,25 milioi euroko inbertsioarekin, Bilbobusek uribarruko garraioaren kalitatea handitzearen aldeko apustuarekin jarraitzen du.

Horrez gain, autobus berriak lehenengoak izango dira bidaiarientzat erabilgarritasun handiko berritasun bat izaten, hemendik aurrera autobus guztietara zabalduko dena: 5 USB konexio, beste horrenbeste gailu mugikor (telefonoak edota tabletak) aldi berean kargatu ahal izateko. Bidaiariak USB kablea eraman eta gailu honetara entxufatu behar du, besterik gabe; gainera, karga entxufe arruntean baino azkarrago egingo da.

Euro VI izeneko europar araua 2014ko urtarrilean sartu zen indarrean eta autobus hauek betetzen dute arau hori. Hortaz, isurtzen duten nitrogeno-oxidoaren % 80ko murrizketa eta partikulen % 66ko murrizketa gauzatzen dute Euro V izeneko aurreko arauarekin alderatuta.

Autobus berriek jarrita 25 pertsona eroan ditzakete eta zutik 64. Plataforma baxukoak dira; badute mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat arrapala automatikoa eta gurpil-aulkietarako espazio bi dituzte erreserbatuta, ezinduentzat edo umeen aulkiak ipintzeko.

Bizikleta-euskarriak

Zenbait aukera aztertzen ari dira orain autobusen kanpoaldean bizikleta-euskarriak jartzeko. Neurri aitzindaria da eta modu esperimentalean jarriko dira. Egitura hauek autobusen atzeko aldean jarriko dira; halaxe ezartzen baitu Ibilgailuen Arautegi Orokorrak.

Une honetan, ainguratzeko erraztasuna eta autobusaren segurtasuna berma ditzaten sistemak probatzen ari dira. Gainera bizikleta geralekuan jaitsiko dutela txoferrari jakinarazteko botoi bi egongo dira.

Modu askotako mugikortasuna sustatu nahi da eta horrela erabiltzaileek garraiobide ezberdinak erabiltzea bidaia berean; kasu honetan autobus berriak eta bizikletak erabiltzea bidaia berean.

Segurtasuna

Autobus berri hauek badituzte segurtasun-neurri guztiak eta, gainera, superregiturak iraulketari dion erresistentziari buruzko ECE R-66 arautegia ere betetzen dute autobus hauek, nahiz eta arautegi hori hiri barruko 1 motako ibilgailuentzat oraindik bete beharrekoa ez izan. Erreserbatutako lekuetan badaude segurtasun-uhalak, gurpildun aulkia edo umeen karroa ainguratzeko; eta badu, aurrez aurreko talka izanez gero, gidariaren lekua babesteko sistema bat. Era berean, aurreko ardatzeko gurpilek esekidura independentea dute eta ibilgailuak maldan galgatzeko edo balaztatzeko sistema ere bai.