Martxoak 8

Berdintasunaren aldeko oihuak nagusitu dira Bilboko kaleetan

uriola.eus 2015ko mar. 9a, 09:40

Milaka lagunek parte hartu zuten atzo eguerdian, martxoak 8, 'Euskal Herria feminismotik eraikitzen' lelopean, Arriagatik abiatutako manifestazioan. Bertan, mugimendu feministak egindako lana txalotu eta lanean jarraitzeko beharra azpimarratu zuten.

Urtero legez, martxoaren 8a aldarrikapenerako eguna izan da. Aurten, 'Euskal Herria feminismotik eraikitzen' lelopean, Euskal Herriko Koordinadora Feministak deituta manifestazioa abiatu zen atzo, eguerdiko 13:00etan, Arriagako plazatik. Plaza Biribilera hurbildu eta bertatik udaletxerako bidea hartu zuten milaka lagunek, ondoren Arriagara bueltatzeko.

Bertan, mugimendu feministako kideek argi utzi zuten, "eraikitzeko eta eragiteko ahalmenaz baliatuta borroka feministan lanean" jarraitzeko asmoa dutela aurrera pausoak ematen jarraitzeko. Era berean, Emakumeon Nazioarteko Egunetik "aldaketa feminista aldarrikatu" zuten.