BBK Live jaialdiaren musikarien zerrendan sartu berri diren taldeen artean Black Rebel Motorcycle Club kaliforniarrak dira talde nagusia; horrekin batera, Vintage Trouble, James Bay, Catfish And The Bottlemen, Marmozets eta Bear’s Den taldeek ere parte hartuko dute. Bilboko rock hitzordu handiak formatu handiko jaialdirik onenaren saria jaso berri du Fest sarietan. Jaialdia uztailaren 9an, 10ean eta 11n egingo da Kobetamendiko zelaietan, eta, besteak beste, nazioarteko izar hauek eskainiko dituzte emanaldiak: Muse, Mumford & Sons, The Jesus and Mari Chain, Ben Harper eta Counting Crows.
Black Rebel Motorcycle Club (BRMC siglak ere ospetsuak dira) taldeak Marlon Brando protagonista duen Basatia filmeko motor zaleen taldetik hartu du izena. Garage rock estiloko talde hau 1998an sortu zen San Franciscon (Kalifornia), eta The Strokes edo Kings of Leon taldeak hartzen dituen “New Rock Revolution” etiketatik berehala urrundu zen. 1999an “demo” bat argitaratu zuten eta Noel Gallagaher (Oasis) musikariaren arreta bereganatu zuten bere zigiluan sartzeko; azkenean, ordea, taldeak bere lehen diskoa multinazional batekin editatu zuen, izen berberarekin, 2001. urtean. Bi urte geroago, Take Them on, on Your Own lana argitaratu zuten, eta, ondoren, Howl (2005), Aleen Ginsberg poetari keinu bat eginez eta Americana generoa aldatuz; Baby 81 lana, noise rock estilora itzuliz. Disko horien atzetik, Effects of 333 (2008), Beat the Devil’s Tattoo (2010), arrakasta komertzial handiena, eta zazpigarren lana, Specter at the Feast (2013), lanak argitaratu zituzten.
Taldea Leah Shapir bateria jotzaileak eta Peter Hayes eta Robert Turner musikariek osatzen dute; azken bi horiek BRMC osatu zuten beste talde batzuetan bereizita jardun ondoren. Taldearen eraginen artean daude Iggy Pop and the Stooges eta The Ramones taldeak nahiz talde britainiarrak, hala nola The Jesus & Mary Chain. Hain zuzen, azken hori ere izango da jaialdian.
Kaliforniatik dator, baita ere, Vintage Trouble taldea, Hollywooden sortua 2010ean. Gaur egun, estudioko disko bakarra dute, The Bomb Shelter Sessions (2011), eta 1950eko eta 1960ko hamarkadatako blues eta rock estiloei begirada bat eskaintzen diete, hainbat talderen eraginekin, hala nola The Rolling Stones, Otis Redding edo Ray Charles. Diskoa atera ondoren, hiriko klub txikietan jotzetik The Rolling Stones taldearen sarrerako banda izatera pasa ziren Hyde Park parkean, eta Ameriketako Estatu Batuetatik bira bat egin zuten The Who taldearekin. Musika kritikak esan duenez, James Brown Led Zeppelin taldearen lanak jotzen entzutea bezalakoa da. Indar handiko taldea da eta hala erakutsiko du Kobetamendiko publikoaren aurrean.
James Bay kantautore eta gitarrista britainiarra da eta 23 urte ditu. Musika ikaslea izan zen, eta 2013an argitaratu zuten lehengo EPa, In The Dark of Morning. Urtebete geroago, Let It Go singlea Erresuma Batuko zerrendetako lehen ehun lanen artean kokatu zen, eta musika ospe handia lortu du herrialde horretan. Gainera, 2015eko Brit Critics Choice sari ospetsua irabazi zuen; hain justu ere, hainbat artistaren ibilbidearen abiapuntua izan da sari hori, Adele edo Florence & The Machine musikariena kasu.
Catfish And The Bottlemen Galeseko indie rock talde bat da, 2010ean sortua. Lehenengo emanaldietan The Beatles taldearen bertsioak interpretatzen zituzten, baina handik gutxira estilo propioa bilatzen hasi ziren, eta ezagun egiteko taktika oso berezia erabili zuten. Sarrerarik gabe geratutako jende asko zegoen rock talde handien kontzertuak baliatzen zituzten eurek bat-batean jotzeko kontzertu eremutik hurbil edo aparkalekuan, eta, horrela, publiko handia egotea bermatzen zuten. Lehenengo diskoa, The Balcony (2014), zuzenean sartu zen Britainia Handiko zerrendako 10. postura.
MacIntyre eta Bottomley anaiek osatzen dute Marmozets punk rock bosteko britainiarra. 2011n debutatu zuten, adinez nagusi izatera iritsitakoan, taldeak berak ekoitzitako Passive Agressive EParekin. 2013an, Erresuma Batuko talde berri onena izendatu zuen Kerrang! aldizkari espezializatuak. 2014. urtearen amaiera aldera, estudioko lehen diskoa argitaratu zuten: The Weird and Wonderful Marmozets. Talentu berriak aurkitzeko gogoz dagoen musika kritikaren arreta piztu zuen diskoak.
Bear’s Den da jaialdiari gaur gehitu zaion azken taldea. Londreseko folk talde alternatibo bat da eta urrian argitaratu zuten Islands lehen diskoa Communion Records zigilu independentearekin. Zigilu hori Bear’s Den taldeko kideetako batek eta Ben Lovett musikariak sortu zuten. Hain zuzen, Mumford & Sons taldeko kidea da Ben Lovett, eta talde hori entzuteko aukera ere izango da Kobetamendin.