'Ayudas + Justas' plataformaren presentziak kezka sortu du Bilboko gizarte eragileen artean. Plataformaren asmoa "iruzurra eta gehiegikeria pertsegitzea" baino, PPren "estrategia argia" zabaltzea dela pentsatzen du, besteak beste, Sare Antifaxistak: "Korrupzioa, politika antisozialak eta eskubideen murrizketa ezkutatzen ditu".
Etorkinek diru-laguntzen "iruzur erabilera" egiten dutela adierazi du 'Ayudas + Justas' plataformak, eta uste hori ustela dela defendatzen dute "denontzako Bilbo" ekimenaren alde agertu diren gizarte eragileek. Eta etorkinen kolektiboa laguntza sozialetatik "onura ateratzen duen beste kolektibo bat" baino ez dela gogorarazi nahi izan dute.
'Ayudas + Justas' plataformaren proposamenek "gizartearen ongizatea bilatzea baino, jarrera xenofoboak bultzatzen dituzte. Hortaz, herritarrek gizarte inklusiboaren eredua defenda dezatela bultzatzen dugu, alde batera utziz gizateria aurrez aurre jartzen duten eta elkarbizitza zapuzten duten diskurtso interesatuak. Bestelako gizarte eredua nahi dugu; giza-esklusioaren arriskua erantzukizunez tratatzen duena, alegia".
Hori dela eta, Bilboko gizarte eragileek mezua zabaldu diete hiritarrei, "miseria politikoak" alde batera utzi eta mugimendu sozial ezberdinek "eskubide eta berdintasunaren alde" antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatuz.