Korrika 19

Badator Korrika

Ika ika ika, badator Korrika! ... ika ika ika, badator Korrika! Gero eta gutxiago falta dugu aurreko oihu ezagunak Euskal Herriko bazter guztiak bete ditzan, astebete eskasa oilo-ipurdia gorputz osoan barrena sentitzeko. Alabaina zapatilak jantzi aurretik badugu beste hitzordu bat. Gaur, arratsaldeko 19:30ean, Korrikaren 'aurkezpen soziala' izango da Bilboko Alondegian.

Han bertan izango dira eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera euskalgintzako kideak eta kirol zein kultur arlokoak. AEKren partetik, aldiz, Asier Amondo Korrika arduraduna eta AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak, besteak beste.

Barikuan ere Korrika ikusgai izango da gure kaleetan, izan ere martxoaren 13a da 'Kuestazio eguna' Bilbon. Korrikaren helburuak jakinak dira, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Bada, horretan arituko gara, hain zuzen, goiz goizetik arratsaldeko 3rak arte. Alde Zaharrean hasi eta Termibuseraino, bazterrik bazter izango gara AEK-ko kideak diru bilketan.
 
Euskarak, tamalez, beharrezko du eta oraindino; beraz, prest eduki euskararen aldeko txanponik!
 
Eta, adi! Zazpi egun besterik ez da falta Urepeletik abiatzeko ...ika ika ika badator Korrika!