Artigaseko zabortegiak tratatu gabeko zaborra lurperatzen duela ziurtatu du Berriak

uriola.eus 2015ko mar. 12a, 15:55

TMB tratamendu mekaniko-biologikoko plantako bozeramaleen arabera, Artigaseko zentroak jasotzen duen zabor guztia tratatzen da lurperatu aurretik. Berria egunkariak atzo ziurtatu zuenez, kamioi batetik jaurtitakoa "ez zegoen txikituta", "ez zegoen tratatuta".

Artigas zabortegi alboko mendiak "plastikoz beteta" zeudela argitaratu ostean, atzo -ia bi hilera- Berria egunkariko lagunak ingurura bertaratu ziren. Arraizeko belardiak garbiago dauden arren, uraren indarrak zaborra maldan behera eraman duelako batik bat, "triskantza haren arrastoak" oraindik orain begi bistakoak direla nabarmendu du Aitziber Laskibar kazetariak. Plastikoak, zatituta eta txikiago, nonahi aurki daitezke.  

Atzo arratsaldean Berriako kideek Artigasen eman zituzten bi ordutan kamio bat ikusi zuten tratatu gabeko zaborra botatzen: "Kamioitik jaurtitzean, zarata gogorragoa egin zuen; gai solidoek egiten duten soinu sendoagoa. Ez zegoen txikituta zaborra. Ez zegoen tratatuta".

Europako araudiei jarraiki, Arraiz mendi aldean kokatuta dagoen TMB tratamendu mekaniko-biologikoko plantako arduradunek adierazi dutenez, Artigaseko zentroan jasotzen duten zabor guztia tratatzen dute lurperatu aurretik.

 

Iosu Madariaga, Ingurumen diputatua: "Bizkaiak ez ditu hondakin guztiak aldez aurretik tratatzen"

Bizkaiko Foru Aldundiak Artigasko zabortegira tratatu gabeko hondakinak eraman direla onartu du, TMB planta ondoan izan arren. "Bizkaiak ez ditu hondakin guztiak aldez aurretik tratatzen zabortegietan utzi aurretik", Ingurumen diputatu Iosu Madariagak jakitera eman duenez. 

Artigaseko baso inguruen egoerari buruzko azalpenak emateko aurkeztu da gaur Iosu Madariaga Batzar Nagusietan, EH Bilduren eskariz. Tratatu gabeko hondakinak zabortegietara bidaltzeari buruz honakoa esan du: "Hori noiztik da arazo bat? Zein arautegik esaten du hori ezin dela egin?"

Madariagak adierazi duenez, Artigaseko inguruak "garbi" daude dagoeneko. Aldiz, Berria egunkariak gaur argitaratu dituen argazkiek "kontrakoa frogatzen dute" Asier Vega EH Bilduko batzarkidearen hitzetan. Argazki horiei buruz galdetu dio Madariagari. "Irudi hauek ikusita, inguruak garbi daudela ziurtatu dezakezu?" Diputatuak erantzun du gertakari horiek "normalak" direla, eta "txikikeriatzat" jo ditu.

 

[2015/03/06] Eguzkik hiru erakunde egin ditu Artigaseko zabortegi alboko mendien egoeraren erantzule

[2015/03/04] Artigas inguruko mendia garbi dagoela dio Udalak, eta zikin jarraitzen duela EH Bilduk eta Berria egunkariak