Arteshop: 'Saltoki bat, artelan bat'

uriola.eus 2015ko mar. 13a, 13:15

Alberto Albor artistaren esku-hartzea, iaz, Erriberako merkatuan

Bosgarren urtez jarraian Bilboko dendak erakusketa leku izango dira EHUko Arte Ederretako ikasleen sormen lanentzat. 75 saltokitan 75 esku-hartze artistiko erakutsiko dira ekainean. Arteshop Bilbaorako berariaz eginiko lanak izango dira. Aurten, lehenengoz ibilbide gidatuak antolatuko dira saltokietan zehar.

Arteshop Bilbaoren bosgarren edizioa aurkeztu dute gaur. Aurkezpenean parte hartu dute Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Marta Ajuriak, Bilbao Arte Fundazioko zuzendari Juan Zapaterrek, EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonadiak, Arte Ederren Fakultateko dekano Arantza Lauzirikak eta Natxo Rodriguez dekanordeak.

Ekimen honen helburua hiriko merkataritza-jarduera bultzatzea da eta, hala, merkataritzari "balio erantsia eskaintzea". Gainera, Arte Ederren Fakultateko ikasleen esku-hartze artistikoak merkataritza-lokaletan jartzeari esker, "lehenengoz ikus daiteke etorkizunean artistak izango direnen sormena, artearen munduan joera markatuko baitute".

Arteshop Bilbaok bosgarren edizioa beteko du aurtengo ekainean eta oraingoan Bilbao Ekintzak 75 denda hautatu ditu, parte hartzeko interesa azaldu dutenen artean. Era berean, EHUko Arte Ederren Fakultateko 75 ikasle aukeratu dira. Bi aldeek Bilboko hiritarrei arte berriaren 75 lan, berariaz ekitaldirako sortuak, erakusteko interesa bateratuko dute. Erakusketa ekainaren 8tik 20ra bitartean garatuko da. Lan honetarako Bilbao Arte Fundazioko 10 artisten tutoretza izango dute eta horiek ere esku-hartze artistikoa egingo dute La Ribera Merkatuan edo Termibus Eraikinaren Turismo Bulegoan.

Lehiaketa

Arteshop Bilbao 2015ean izena emateko epea martxoaren 20ra arte egongo da zabalik. Merkataritza-saltokiek Arteshop 2015ean parte hartzeko eskaerak Bilbao Ekintzaren Enpresa Sustapenaren Arloan (Merkataritza Saila) aurkez ditzakete, Nafarroa kaleko 5. zenbakiaren 3. solairuan dauden bulegoetan. Halaber, posta elektronikoz aurkez daitezke eta, horretarako, nahitaezko dokumentazioa hurrengo helbidera igorriko da: comercio@bilbaoekintza.bilbao.net Bestalde, ikasleek eskaerak EHUko Arte Ederren Fakultateko Idazkaritzan aurkez ditzakete; artistek, ordea, Bilbao Arte Fundazioaren Idazkaritzan. Epea martxoaren 13an amaituko da.

Bilbao Ekintzak diru-laguntzak emango ditu esku-hartze artistikoaren ekoizpen-gastuen kontzeptupean. 200 euro izango dira lehiaketan parte hartzen duten Arte Ederren Fakultateko ikasleentzat eta 300 euro Bilbao Arte Fundazioko artistentzat. Gainera, proiektu-garapenaren kontzeptupean, hautatutako ikasle bakoitzari 200 euro eta Bilbao Arteko artista bakoitzari 300 euro emango zaizkio.

Epaimahaia eta sariak

Aurkeztutako 75 proiektuetatik hiru erakunde sustatzaileetako ordezkariek (Bilbao Ekintza, EHU eta Bilbao Arte Fundazioa) hamar onenak aukeratuko dituzte, izen handiko epaimahaiari lana errazteko asmoz. Izan ere, azkenekoak arduratuko dira hiru irabazleak hautatzez.

Arteshop Bilbaon parte hartuko duten dendetan aurkeztutako EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen esku-hartze artistiko onenetarako hiru sari zehaztu dira. Lehenengo sariari 1.200 euro, bigarrenari 900 euro eta hirugarrenari 600 euro emango zaizkie. Aldi berean, 'Publikoaren sariak' 450 euroko sari ekonomikoa izango du; Bilboko hiritarrek bozkatuko dute, telefonoz.

Publikoaren sariak ondorengo helburuak ditu: jendeak denden eta EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen lan bateratua gorestea, hiritarren parte-hartzea sustatzea, gizarte-komunikabideen bitartekoak, web orria (http://www.arteshopbilbao.com/2015/) eta sare sozialak (https://es-es.facebook.com/ARTESHOP.BILBAO eta https://twitter.com/arteshopbilbao) erabiliz edizio honetan parte hartzen duten dendak, baita ikasleek egindako proiektu artistikoak ikusgai bihurtzea ere.

Arteshop Bilbao 2015eko sariak ekainaren 17an emango dira Bilboko La Ribera Merkatuan.