Bakearen iruleen agurra

Maialen Lizarralde, Lokarri 2015ko mar. 16a, 09:15

Argazkia: Dena Flows

Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bakearen aldeko bere ibilbidea bukatutzat eman zuen martxoaren 7an agur ekitaldi hunkigarri batean. Bederatzi urtetako bidaia bukatu du, hala, askok Aiete, Brian Currin edo Foro Sozialarekin lotzen duten eta itxaropen nekaezinez jositako ehunka pertsonek osatzen duten sare honek. 

Izan ere, helburu nagusiak bete ditugu: ETAren indarkeriaren amaiera eta tradizio politiko guztien legeztatzea. Horrez gain, herritarren partaidetza sustatu dugu eta ezberdinen arteko hurbilketa landu dugu. Elkar batzeko lokarria izan gara, eta lasai eta asebete bukatu dugu gure bidaia. Izan ere, jakin bagenekien noizbait bukatu beharra zuela eta geure muga guk geuk jarri nahi genuela. Jabetzen gara gehiago ere egin dezakegula, mugimendu sozialen berezko zikloez eta berritasun beharraz jabetzen garen bezala.

Oi Pello Pello kanta herrikoian iruten, astalkatzen, harilkatzen dabil emakumea, atsedenik gabe. Beti dago zer egin eta hala esaten dio norbaitek abestian ohera joan ez dadin: “harilka zan eta, gero gero bai”. Guri ere gogorarazten digute zenbat dagoen egiteke oraindik, eta ados gaude: armagabetzea, presoen eskubideen auzia, elkarrizketa politikoa… asko dira erronkak, hauek jorratzen jarraitzeko itxaropena eta seta dituzten pertsonak bezain beste. Egun lotzen gaituen lokarria harilkatzen jardun dugu, eta eragina izaten jarraituko duela ziur gaude.

Beraz, abestiko emakumeak “gero, gero, gero” ez, baizik eta lan hau orain bukatuko duela erantzun du. Ohera joan da eta amestu egin du: indarkeriarik ez da jada, biktima guztiek aitortza jaso dute, giza eskubide guztiak errespetatzen dira eta bizikidetza baketsua da lege. Indarberrituta esnatu da, lanari ekiteko indarrez, eta berretsi du amets hau posible dela. Amets honek gure herrian pertsona, instituzio, inplikatutako eragile bakoitzak egia bihurtzeko lan egin dezaten behar du. Gu guztiok bake etorkizun horren haziak izan gaitezen behar du.