Martxoaren 19an, arratsaldeko 17:00etan, Urepeletik abiatuko da Korrika, eta 11 egunez, gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde eginez. Hasieratik amaiera arte, eskuz esku pasatuko dute lekukoa korrikalarien artean eta Bilbon, hilaren 29an irakurriko dute barruan daraman mezua.
Euskararen aldeko lasterketa babesteko asmoz, hainbat ekimen egin dira herri eta hiri ezberdinetan. Aurten, lehengo aldiz, Korrika Olabeagatik pasako da eta ondorioz, bertako auzokideek Korrika jaia prestatu dute larunbatean, martxoak 21. 19:30ean, triki-poteoa abiatuko da Astillero tabernatik eta 21:00etan, jaia eta karaokea egongo dira Ametsgorrin.
Hau gutxi balitz, Korrika Bilbora heldu baino egun bat arinago, martxoaren 28an, Korrika Txikik auzoko kaleak zeharkatuko ditu. 16:00etan, Ametsgorrin petoak egiteari ekingo diote; 18:00etan, Korrika Txiki Pikondo plazatik (San Nikolas 40) aterako da eta Ametsgorri elkartearen egoitzan izango du helmuga; eta bukatzeko, txokolatada egongo da.