Lauaxeta, Aresti edota Figueraren olerkiak harpa eta txalaparta doinuekin batera Poesiaren Egunean

uriola.eus 2015ko mar. 23a, 07:30

Bidebarrieta Kulturguneak Poesiaren Mundu Eguna ospatuko du gaur, astelehena, Lauaxetaren, Arestiren edota Angela Figueraren zenbait testutatik poesia ibilbidea eginez, harpak eta txalapartak lagunduta. Kontzertu-errezitaldia 19:30ean hasiko da Bidebarrietako ekitaldi aretoan. Bertan Ane Artetxe harpa-jotzailea eta Iñaki Letamendia perkusio-jotzailea arituko dira, Amaia Irazabal eta Amaia Ruiz antzezleekin batera.

Amaia Irazabal eta Amaia Ruiz antzezleak izango dira egile garaikideen euskarazko eta gaztelaniazko testuen aukeraketari ahotsa jarriko diotenak. Horrela, Aita Donostiaren Oinazez edo Maitia nun zira eta Eperrak lan herrikoiak bezalako euskal melodiak entzun ahal izango dira, Lauaxeta, Gabriel Aresti, Angela Figuera edota T.S. Elliot bezalako idazleek idatzitako poemekin batera. Poesia ikuskizun berritzailea eta berezia izango da.

Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da gaur, hilak 23, astelehena, 19:30etatik aurrera. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

 

Ane Artetxe

Zaragozako Kontserbatorioan amaitu zituen goi mailako ikasketak, Gloria Maria Martinez katedradunaren eskutik. Musikarekiko orokorrean, eta arparekiko batez ere, zuen pasioaren ondorioz Bartzelonako Liceu antzokian jarraitu zuen bere teknika hobetzen. Euskadiko Orkestra Gazteko arpa jotzaile titular izan da, eta sarritan aritzen da Donostiako Easo Abesbatzarekin eta Nafarroako Opera Elkartearekin, beste batzuen artean. Artechek bere beste pasioetako batekin uztartzen du arpa, irakaskuntzarekin, izan ere irakasle da Nafarroako Goi Kontserbatorioan eta Donostiako Musika Eskolan. Horrez gain, klaseak ematen ditu, baita ere, Easoko Musika Eskolan, eta Castejon de Soseko udako ikastaroetan. Umeei eta harpa ikasleei zuzendutako Harpa airean liburu didaktikoa argitaratu du, eta bi disko ere grabatu ditu, Harpa airean eta Airean harpa.

 

Iñaki Letamendia

Ormaiztegin jaio zen, eta bertan hasi zituen musika ikasketak, eta ondoren baita txistu ikasketak ere, Pascual Larrañaga txistulari eta herriko organo jotzailearekin. Bederatzi urte zituela Tolosara joan zen bizitzera, eta bertan ikasketak jarraitu zituen Miguel Martinez de Lecea irakaslearekin. Hamasei urte zituela udal bandako bigarren txistulari izendatu zuten, 1972ra arte, urte horretan banda desegin baitzen. Banda berria eratu zenean plaza lortzeko lehiaketara aurkeztu zen, eta lehen txistulari postua lortu zuen.