Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak eta Ion Lopez Euskadiko Filmategiko zuzendari-kontserbatzaileak erakundearen web orriko atal berri bat aurkeztu dute: Funtsak izenkoa. Sail honetan eskegitako irudiak hamarraldietan eta bildumetan daude banatuta.
1910etik hasi eta 80ko hamarraldira arteko epean egin ziren filmak hartu dira aintzat lehenengo fase honetan. Pixkanaka, hilabetean film bat eskegiko du Filmategiak eta haren garrantzia historikoarengatik, artistikoarengatik edo kulturalarengatik egingo da aukeraketa.
Hauek dira lehenengo fase honetarako aukeratutako filmak:
• IRUN 1912 (1912): 1912ko ekainaren 30eko filmazioa da eta Irungo San Martzial eguna ageri da. Euskal Herriari buruz Filmategian dagoen film zaharrena da.
• IMÁGENES DEL PARTIDO DE INAUGURACIÓN DEL CAMPO DE FÚTBOL DE SAN MAMÉS (BILBAO, 21 DE AGOSTO DE 1913) (1913): Bilboko San Mamés futbol zelaiaren inaugurazioko irudiak dira. Athletic Club de Bilbao eta Real Racing de Irun taldeen arteko partidarekin inauguratu zen.
• EL DÍA DE GUIPÚZCOA (1924): Primo de Riveraren diktadurapean Gipuzkoaren Eguna delakoren ospakizuna Donostian. Euskal-espainiar izatearen aldarrikapen egun gisa hartu zuten honako hau.
• FIESTAS DE PLENCIA (1927): 1927ko irailaren 1ean ospatutako San Antolin bezperako irudiak ageri dira. Jaien eta herriaren ikuspegi paregabeak ikus daitezke.
• EXPERIENCIAS DE CINE EN RELIEVE (30. hamarraldia): Teófilo Mingueza gasteiztarraren hiru dimentsiotako zinema egiteko saiakera.
• FIESTAS DE MONDRAGON (1933): Arrasateko jaietako irudiak. Herriaren ikuspegiez gain, emakume erraketisten irudiak ikusi daitezke.
• JOSÉ ANTONIO AGUIRRE EN NEW YORK (1942): New Yorkeko erbestean José Antonio Aguirre lehendakariaren bizitza eta Eusko Jaurlaritzaren egitekoa azaltzen duen filma.
• ENTIDADES BENÉFICAS ESPAÑOLAS. CAJA DE AHORROS Y MONTE DE PIEDAD MUNICIPAL DE BILBAO (1944): Bilboko Aurrezki Kutxaren enkarguz, Azkona anaien produkzio-etxeak egindako aurrezki kutxari buruzko promozio filma.
• 25º ANIVERSARIO DEL FERROCARRIL DEL UROLA (ZUMÁRRAGA-ZUMAIA). 22 DE FEBRERO DE 1951 (1951): Urolako trenaren 25. urteurrena ospatzeko egindako filma. Ospakizun ekitaldiez gain, trenaren ibilbidea ikus daiteke.
• GENTE DE MAR (1957): Donostiako kaiari eta antxoaren arrantzari buruzko dokumentala. Euskadiko Filmategiaren zaharberritze lanen adibideetako bat da.
• EL PUEBLO DE VITORIA (1968): Uztailaren 25ean ospatzen den blusen egunaren eta Ama Zuriaren jaien irudiak.
• ENCUENTROS 72-PAMPLONA-ENCIERROS 72 (1972): José Antonio Sistiagaren film honetan, urte hartako Iruñeko kultur jardunaldiak eta entzierroak ikus daitezke.
• KILOMETROAK 77 (1977): Juan Jose Francok egindako filma, Beasainen antolatu zen lehendabiziko Kilometroak jaiari buruz.
• XALBADOR GAZTAIN KORMUTXA (1981): Juan Miguel Gutierrez zinemagileak egindako filma, Xalbador bertsolaria zenaren inguruan.
• BIHOTZEZ (1985): 1983ko Bilboko uholdeen ondoren, zazpi kaleen berreraikitzea ospatzeko Pedro Oleak egindako filma.
Film hauetaz gain, Filmategian dauden bi bilduma ere eskegiko dira lehen fase honetan: GERRA ZIBILARI BURUZKO BILDUMA
• GUERNIKA (1937): Nemesio Sobrevilak zuzentzen zuen Eusko Jaurlaritzako Propaganda Zinematografikorako taldeak egindako film garrantzitsuena. Euskadiren alde, atzerriko laguntza eskatzeko pentsatutako filma da.
• ENTIERRO DEL BENEMÉRITO SACERDOTE VASCO JOSÉ MARÍA DE KORTA Y URÍBARREN, MUERTO EN EL FRENTE DE ASTURIAS (1937): Frontean hildako euskal apaiz baten omenez egindako hileta elizkizunen filmaketa, José Antonio Aguirre lehendakariaren gobernuaren eta gudarien presentziarekin.
• SEMANA SANTA EN BILBAO (1937): Propaganda frankistak jaurtitzen zituen komunista eta ateo izatearen akusazioei aurre egiteko, Euskadiren katolikotasuna goraipatzeko Jaurlaritzak egindako filma da hau.
• ELAI-ALAI (1938): Elai-Alai dantza taldeak eta Eresoinka abesbatzak Parisen egindako ekitaldien irudiak azaltzen dira, euskal erbesteratuen alde egindako film honetan.
GOTZON ELORTZA BILDUMA
• EREAGATIK MATXITXAKORA (1959): Ereagako hondartzatik Matxitxako lurmuturrera doan kostaldea erakusten duen film dokumentala da.
• ABERRIA (1961): Gotzon Elortzaren aberriaren inguruko hausnarketa; bertan ikus daitezke garaiko euskal kulturaren ordezkari garrantzitsuak ziren Balentin Enbeita, Jon Lopategi edo Victor Olaeta.
• ELBURUA GERNIKA (1962): Bermeotik Gernikaraino, Urdaibai guztia erakusten duen film dokumentala.