Sari asko irabazi dituzte eta jarduera handia garatu dute. Horren ondorioz izen oneko disko-etxe nazional batzuetan hainbat disko grabatu dituzte; hala nola, Fresh Sound, Satchmo Records, Quadrant Records eta Karonte etxeekin.
Gainera, Kutxa Kulturak aukeratu zuen Mikel Andueza laukotea Euskal Herriko zenbait lekutan kontzertuak eskaintzeko eta nazioarteko jazz jaialdi batzuetan ere jo dute; hala nola, Las Palmas, Donostia, JazzFermín, Brujas, Madril, Zaragoza, San Javier, Gasteiz, Baiona eta Leverkusseneko jaialdietan.
Euren gaiek, Broadwayko musikalen ohiko estandarrek eta eurek garatutako musika tradizionalaren moldaketek osatzen dute haien errepertorioa.
Gaur, martxoak 20, eta bihar, 21, 23:00etan egun bietan, Bilboko Indautxu hotelera doazenek Mikel Andueza laukotearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute. Kontzertua dohainik da; tragoa hartzea nahikoa izango da kontzertuaz gozatzeko.
Mikel Andueza
Estatuko saxo alturik onenetakotzat jotzen dute. Musikari eklektikoa da eta hogeita hamarretik gora dira grabatuta dituen jazz-diskoak. Figura askorekin kolaboratu du; besteak beste, Kurt Elling, Manhattan Transfer, Deborah Brown, Dusko Goikowich, Tete Montoliu, Single Swingers, Bebo Valdes, Phil Woods, Randy Brecker, Rosa Pasos, Miguel Rios, Victor Manuel, Lucrecia, Jorge Drexler, Imanol, Miguel Bose, Amaia Zubiria, Santiago Segura eta Karlos Argiñanorekin.
Musika klasikoaren arloan ere orkestra askorekin kolaboratu du; hala nola, Espainiako Irrati Telebistako Orkestrarekin, Espainiako Orkestra Nazional Gaztearekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Bandarekin eta Donostiako Bandarekin. Bakarlari gisa ere hainbat kontzertu grabatu ditu RNE, TVE eta Vía Digitalentzat. Kontzertu asko eskaini ditu ibilbide luzean, hala nola, Amerikako Estatu Batuetan, Portugalen, Alemanian, Andorran, Frantzian eta Belgikan. Hiru disko grabatu ditu liderra izanda: ‘BCN’, ‘Amusia’ eta ‘De Javier a San Javier’ nazioko izenik oneneko jazz-etxeentzat.
Saxofoi jazzeko irakaslea da Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia).
Maila akademikoari dagokionez, Saxofoi Klasikoan graduatu zen Madrileko Errege Kontserbatorioan, kurtso guztietan ohorezko matrikula aterata; “Gradu Profesionalaren Amaierako Saria” lortu zuen eta “Karrera Amaierako Ohorezko Aipamena” eskuratu zuen. Gainera, Cum laude graduatu zen Saxofoi Jazzen Berklee College of Music delakoan (Boston, AEB); hor urteko saxofonistarik onenarentzako Performance Award saria eman zioten.
Dani Perez
Jaialdi askotan hartu du parte; hala nola, Donostiako I. Jazzaldian (1995 eta 1997), Bartzelonako eta Gasteizko jazzaldietan. Orkestra askorekin ere jo du; besteak beste, Valentziako Generalitateko Orkestra eta Koruarekin eta Mtislav Rostropovichek zuzendutako Estatu Errusiarreko Orkestra Sinfonikoarekin. 2000, 2001 eta 2007an Associació de Músics de Jazz de Catalunya izeneko jaialdian gitarristarik onenarentzako lehen saria eskuratu zuen. Diskografia zabalaren artean hauexek azpimarra daitezke: ‘Nine easy pieces’, Nueva Yorken Chris Case-rekin grabatuak; ‘Buenos Aires/Barcelona Connection’, David Mengual eta Dani Xirgu-rekin; eta Dúo, Jordi Bonellekin grabatua. Beste alde batetik, Kataluniako Goi Mailako Kontserbatorioko (SMUC) irakaslea da.
Gonzalo Tejada
Kontrabaxua jotzen du eta, zalantzarik gabe, estatuko jazzaren panoraman erreferentea da. Bakarlari nazional eta atzerritar askori lagunduz garatu du jole moduan orain arte egindako karrera; era berean, jazz-disko askotan kolaboratu du. Bere izenarekin hiru CD ditu kaleratuta: ‘Ziklo’ (1994), ‘El tránsito’ (2000) eta ‘Encore’ (2005). Musikagile moduan jazz-talde eta talde klasikoarentzat hainbat obra idatzi, estreinatu eta grabatu ditu. Harizko laukote (Luna de fiesta), haizezko boskote (Motivos), piano eta flauta bikote (Divertimento) zein ganbera-orkestretatik (Gabon kanta) hasi eta Big-band formazioentzako (Aitormena, Mr. V.M.) moldaketa eta konposizioetaraino. Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) kontrabaxuko irakaslea da.
Gonzalo del Val
2009an Manhattans School of Music de New York izen oneko eskolara John Riley irakaslearekin ikastera joateko “Gazte Bikainak” bekaz saritu zuten. Urte berean SOJAZZ frantziar aldizkariak talentu gazteen atalean haren disko bati buruzko kritika bat argitaratu zuen. JAÇ (Bartzelona) Jazz & Blueseko aldizkari prestigiotsuan, 2009an, “promesa berririk onena” kategorian izendatu zuten. 2005etik Bartzelonan bizi da eta hor Liceu-ko Kontserbatorioko Musika Moderno eta Jazzeko Gelan irakasle dihardu (Bostongo Berklee School of Music eskolako kidea), baita Liceu-ko Goi Mailako Kontserbatorioan ere.
365 Jazz Bilbao hoteletan
365 Jazz Bilbao zikloak jazz musikako programazio egonkorra NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao eta Silken Indautxu hoteletara zabaldu du.
Kontzertuak bariku eta zapatu gauetan eta dohainik izango dira; tragoa hartzea nahikoa izango da kontzertuaz gozatzeko.
365 Jazz Bilbao zikloaren bidez, jazzaren kultura sortu nahi da Bilbon, hiriaren bereizgarri. Bilbon jazz musikaren zaletu‐kopuru handia dagoela kontuan hartuta, ziklo hau hasiera‐hasieratik kalitaterik handiena bilatzen saiatu da baina jende berria ere erakarri nahi du askotariko programazioa, formatu eta estilo askotako kontzertuak eskainiz.
Programako xehetasunak, (taldeak, datak, ordutegiak, lokalak, etab.) eta sarreren salmenta webgunearen bidez (www.365jazzbilbao.com) eta Twitterren (@365JazzBilbao).