Erakusketaren izenburuak berak edukia azaltzen du. Límbica eskultura mekanikoez eta robotikoez osatutako zirkuitu emozionala da. Eskultura horiek denboran gertatutako esperientzia subjektiboei buruzkoak dira, eta indibidualismoa, isolamendua eta gizabanakoa izaki sozialtzat jotzea bezalako gaiak jorratzen dituzte, "gaur egun hain boladan dagoen lengoaia teknologikoaren bitartez", adierazi du Susana Ballesterosek.
Bilbao Arteko 2014ko artista egoiliarrak, pasaden urteko beka jaso zuten 36 artisten artean, aurtengo edizioko epaimahaiak Bilbao Artek Urazurrutiako 32an duen aretoan banakako erakusteta bat antolatzeko aukeratu dituen zazpi proiektuetako bat. Eskultura teknologikoen erakusketa "bitxi hau" gaur arratsaldeko 19:30etan inauguratuko da.
Publikoarentzat irekita egongo da apirilaren 24ra arte, 17:30etatik 20:30etara bitartean astelehenik ostiralera.
Teknologiaz baliatuta
Ballesteros eta Montañes teknologiaz baliatzen dira gizakiaz hitz egiteko eta publikoarengan emozioak sorrarazteko. Haiena, ikuslea obraren zati eta zentzu-emaile duen arte interaktiboa da. Hain da horrela, ezen, eskulturak ez baitira aktibatzen sentsoreek gizakiaren presentzia sumatu arte. "Gure obra gaur egungo gizartearen isla da beti; teknologia berriak gure narratibaren adierazpidetzat erabiltzen ditugu", ziurtatu dute artistek.
Erakusketak hiru esparru desberdin ditu, beste horrenbeste eskulturaz osatutakoak, den-denak Diacrónica seriekoak. Lehenengo esparruan Sincrónica II eskultura robotikoa dago. 21 serbomotorrez akzionatutako altzairu herdoilgaitzezko 21 pieza-pare dituen eskultura honek hizkuntza binarioa erabiltzen du. Bigarren esparruan, Sincrónica I dago ikusgai. Hau ere esekitako eskultura da, baina kasu honetan mekanikoa, eta altzairu kromatuaz egindakoa.
Argiztapen leunak argi eta itzalen jokoak sorrarazten ditu eskulturetan, eta giroko musikak emozioak eragiten ditu pertsonengan, publikoari obrak eta hauen mugimenduak lasai ikusteko aukera ematen dien giro sosegatua sortuz. Horretarako, erakusketan eserlekuak ere jarri dira piezak miretsi ahal izateko.
Erakutsitako azken obra Sincrónica III da, eskulturarik handiena, "guk landutako asmo handienetakoa, aretoan oso-osorik muntatu beharrekoa", sortzaileek nabarmendu dutenez. Altzairu herdoilgaitzezko eskultura elektromekaniko erraldoia da, bi pieza independentek osatutakoa, eta horren azpitik ere begira daiteke funtzionamendua hobeto ikusteko. "32 biela-erroz hornitutako birabarki bat dauka eta laser bidezko ebaketaz eta kontrol numerikoaz eginda dago", azaldu du Montañesek.
OPN Studio
Susana Ballesteros eta Jano Montañesek osatzen dute OPN Studio. 2007tik aurrera Europa eta Amerikan taldeko eta bakarko erakusketa ugari izan dituzte, Finlandia, Frantzia, Mexiko eta Dominikar Errepublikan. Erakusketa adierazgarrienak hauek lirateke ARCO International Contemporary Art Fair Madriden, INJUVEren sariketa nazionalaren bidez Madrideko Circulo de Bellas Artesen, Valladolideko Patio Herrerianon, IAACC, Torrente Ballester Fundazioan, Errioxako Würth museoan...
Límbica erakusketaren ondoren, Bilbao Arteko aretoan honako erakusketa hauek antolatuko dira: This is the end of the world as you know it, Kepa Garrazaren eskutik (maiatzaren 8tik 29ra); Foodândia, Rut Briones eta Raquel Duran artistena (ekainaren 5etik 26ra); Work spaces, Iñigo Garatu artistarena (uztailaren 3tik 24ra); Surfaces, Marie Sommer artistarena (irailaren 4tik 25era); Matriz, Iago Rey de la Fuente artistarena (urriaren 2tik 23ra) eta Proprioception Alessandra Torres artistarena (urriaren 30etik azaroaren 20tik).
Aurten, 39 artista egiten ari dira egoitza artistikoa Bilbao Arten, Bilboko zentro honek BBK Fundazioaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen dizkien bekei esker.