Pertsona orok izan behar dituen oinarrizko eskubideak aldarrikatu zituzten hainbat herritarrek Bilboko Kale Nagusian joan den larunbatean, Arrazakeriaren Mundu Egunean. "Duintasuna" eta "berdintasuna" eskatu zituzten "denontzat", eta "etxekoak denok garela" gogorarazi zuten Arriaga plazan.
Kolore eta mezu asko ikus zitezkeen manifestazioko partaideen artean. Batzuk "asilo eskubidea" eskatzen zuten pankarta zeramaten eskutan, beste batzuk "Sato a la valla salto mortal" edota "Je suis un ser humano" ziotenak.
SOS Arrazakeria elkarteak azkenaldiko "identifikazio arrazistak" salatu zituen. Besteak beste, urte hasieratik bai Termibusen bai San Frantzisko eta Maiatzak 2 kaleetan poliziak burutu dituenak.
Arriaga plazatik "guztiek kabida duten Euskal Herria nahi dugulako, eskubide guztiak denontzako" eskatu zituzten: "Gure herria denontzako tokia. Inor ez da ilegala herri honetan, apur ditzagun harresiak".