Internazionalistak garelako #brigadak15

Erabiltzailearen aurpegia Askapena 2015ko mar. 26a, 08:33

Borroka internazionalista ilegalizatu eta espetxeratu nahi duten honetan, Askapenako kideok gurean tinko jarraitzen dugu. 28 urte luze hauetan zehar asko eta asko izan dira udaran motxila internazionalista bere egin eta gurekin brigadatan etorri diren kideak. 

Orain, ekaitz berri honen atarian, herrion arteko xamurtasun eta elkartasun zubiak eraiki, eta askapen borroka esperientziak ezagutzeko #brigadak15 aurrera ateratzeko apustuarekin jarraitzen dugu. Eta ildo berean, 28 urte hauetan herrion arteko elkartasun sua bizirik mantendu duten  brigadistei argazkia atera eta bidaltzeko deia luzatu nahi diegu.

28 urte luze hauetan hamaika izan dira burututako brigadak. Salvador, Nikaragua, Cuba, Palestina, Venezuela.... urtez urte erronka eta brigada helmuga berriak markatzen joan gara. Pasa den urtean, Espainiar Estatuko nazio zapalduetara eta aurten Galizia, Mexiko, Brasil eta Kurdistanera antolatu ditugu. Hemen brigada hauetan ikusi eta bizi ahal izango duzuna labur labur azalduta aurkituko duzu. 

Hauekin batera orain arteko brigadak ere indartzeko apustua egiten dugu eta beraz, beste udara batez, Sahara, Palestina, Gaztela, Herrialde Katalanak, Argentina, Uruguay,Bolivia etaVenezuelako eguneroko borroka, hausnarketa eta askapena prozesuak bertatik bertara ezagutzeko gonbidapena luzatu nahi dizugu.

INFO + www.askapena.org/eu/brigadak/brigadak15 loturan aurkituko duzu.

Izena emateko edo zalantzarik baduzu idatzi brigadak@askapena.org helbidera.

Ildo beretik, urteetan herrion arteko xamurtasun sua elikatu eta bizirik mantendu duzuen brigadistei,  beraien berotasuna eta indarra argazki batean bildu eta bidaltzeko deialdia luzatu nahi diegu.  Dagoeneko argazki batzuk jaso ditugu, Venezuelan izandako kideak, 95ean Salvadorren egondakoak, Argentinan.... baina zurea falta zaigu! Animatu eta bidaliguzu!

Gora borroka internazionalista!

Gora brigadistak!