Korrika 19

19. Korrikari ongietorria emateko jaia prest Bilbon

uriola.eus 2015ko mar. 26a, 14:23

Argazkia: Bilboko Uriola

19. Korrikaren azken eguneko jaia aurkeztu da gaur Kalderapeko kultur-gunean. Bilboko Areatzan bukatuko du Korrikaren edizio honek 2.500 kilometroko ibilbidea, Nabarra kalea igaro eta Areatzako zubia gurutzatuta. Korrika 19 amaitzeko hiru egun baino falta ez direnean, Asier Amondok  eta Koldo Agirregomezkortak orain arteko balantzea egin eta azken eguneko jaiari buruzko informazioa eman dute.

Bestalde, 19. Korrikaren arduradun Asier Amondok orain arteko egunen balorazio laburra eskaini du, euskahaldunon parte-hartze handia azpimarratuz, eguraldia kaskarra izan arren. Halaber, 19. Korrikaren jarraipena egiten ari diren komunikabideen lana eskertu eta iragarri du Korrikaren bukaera eta lekukoari egingo zaion harrera zuzenean jarraitu ahal izango dela euskarazko hedabideek egingo duten saio bateratuari esker, hain zuzen, Urepeleko hasieran gertatu zen moduan.

Horrez gain, korrika.eus webgunean 'Bukaera Jaia Bilbon' azpi-atala jarri da martxan, azken eguneko informazio guztiarekin.

Inoizko Korrika indartsuena eta jendetsuena

Korrikak jada 8 egun ditu, herrialde guztiak ukitu ditu, eta oraindik kilometro eta emozio asko tartean dituen arren, Asier Amondo Korrikako arduradunak adierazi duenez, "Urepelen hasi zenetik bizi izan dugunari dagokionez, oso-oso pozik gaude". Oso hasiera "berezia" izan zuen 19. Korrikak, Urepele "gainezka", eta hortik aurrera "sekulako jendetza" egon da herri guztietan: "Emozioz beteriko kilometroak etengabe errepikatzen dira, eta benetan oso harro gaude. Negu gordinaren hondar astindua pairatzen ari garen arren, inoizko Korrika indartsuena eta jendetsuenaren aurrean gaudela esan dezaket. Beraz, gogo biziz gaude Bilbon amaierako jaiaz gozatzeko".

Bilbon azken eguna eta azken kilometroak

Azken eguneko ibilbideari dagokionez, goizeko 07:16ean sartuko da Bilbon Korrika 19, Enekuritik. Deustua, Zorrotza, Errekalde, Indautxu, Abusu, Alde Zaharra, Santutxu, Guggenheim aldea... euskahaldunduz, 12:25ak aldera iritsiko da San Nikolasera, Areatzako zubia gurutzatuta. Urepelen lekukoaren barruan sartutako mezua ezagutzeko unea iritsiko da orduan. 12:30ean Korrika bukaerako ekitaldiari emango diote hasiera, "lekukoari ongi etorria", hain zuzen ere. Eta ekitaldia bukatu bezain laster hasiko da garatzen azken jaiaren egitaraua.

Ibilbidearen detaileak ikusteko sakatu honako estekan: https://www.google.com/maps/d/edit?mid=zOKbEOEAhOIM.kXl2CPPOYgoQ

 

Komunikabideen elkarlana

Korrika izaten ari den jarraipen informatiboari errepasoa egin dio Asier Amondok. "Marka guztiak apurtzen ari zarete", esanez zuzendu da komunikabideengana. Alde batetik, "jende askok goraipatu duen bezala", "historikoa" izan zen Urepelekoa zuzenean hedabideen bidez ikustea; gainera, elkarlanean egindako emankizun baten bidez.

Bestetik, egunerokoa ere "itzela da": EITB, Hamaika Telebista, Kanaldude, Gara, Berria, Euskal Irratiak, Arrosa sarea Korrikarekin batera mugitzen dira kilometroz kilometro. Horiez gain, "zuetariko askok egunero jotzen duzue Korrikara eta, guztion ahalegina ikusita, emaitza zoragarria da: dagoeneko egunero zuzeneko hiru saio telebistan, herriz herriko bideoak, etengabeko konexioak, eguneroko kronikak eta erreportajeak... Bukaerari dagokionez ere, berri onak ditugu. Izan ere, Urepelen gertatu zen bezala, Korrikaren bukaera eta lekukoari egingo zaion harrera zuzenean jarraitu ahal izango da euskarazko hedabideek egingo duten saio bateratuari esker".

Irratiz azken kilometroak eta amaiera ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango ditugu Bilboko euskal irratiek elkarlanean egingo duten zuzeneko irrati saioari esker. Emankizuna 10:00etatik 13:00etara entzun ahal izango da Euskal Herri osoan, Arrosa sareko irratietan. Mikrofonoetan Bilbo Hiria, 97 irratia eta Bizkaia Irratia elkarlanean arituko dira, estudiotik eta helmuga ondotik konexioak eta elkarrizketak egiten

Telebista saioa, berriz, goizeko 11:30ean hasiko da, eta, besteak beste, Bilboko ibilbidea zuzenean ikusi ahal izango da. Saioa ETBko Ilaski Serranok eta Hamaika TBko Nagore Uriartek aurkeztuko dute, eta elkarrizketatzaile gisa BERRIAko Gotzon Hermosilla eta URIOLA.EUSeko Lur Mallea arituko dira.

Amondoren hitzetan, "auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko hedabideek haienak egin dituzte oinarri horiek". Telebistaz zein streaming bidez ikusi ahal izango da, beraz, 13:15ak bitartean iraungo duen saioa.

 

Areatzan azken jaia

Hainbat gune eta gune bakoitzean hainbat ekimen antolatu ditu AEK-k Korrikaren amaiera ospatzeko. Ripako kaia umeen gunea izango da, Areatzako kaia gazteen gunea eta mokofinen gunea, Sendejako Tingladoak atseden gunea, Arriaga plaza euskal tradizioen gunea eta Bilbo Zaharreko plaza bertako musika taldeak entzuteko gunea. Jatekoa, edatekoa, entzutekoa eta ikustekoa ez da faltako Korrika amaieran.

Nahi duenak Korrika 19ko kamiseta eta bestelako materiala eskuratzeko aukera izango du Areatzan bertan, Correoseko bulego ondoan, egun horretarako espresuki zabalduko den dendan. Aurreko Korrikako edizioetako materiala, berriz, tonbolan jokatuta eskuratu ahalko da.