Euskal Herriko Itzuliaren 55. edizioa Bilbon abian jartzeko prest dago dena. Eta inolako arazorik egon ez dadin, udaltzainek, udaleko beste sail batzuetako langileek eta koordinazio-arduradunek osatutako 100 bat laguneko operatiboa antolatu du Bilboko Udalak.
Bilbok Euskal Herriko Itzuliaren lehen etaparen irteera eta helmuga hartuko ditu apirilaren 6an, eta biharamunean bigarren etaparen abiapuntua ere izango da. Halatan, txirrindularitza zaleek aurrez aurre ikusi ahal izango dituzte tropeleko kirolaririk onenetako batzuk.
Alabaina, Euskal Herriko Itzulia Bilbon ibiliko den bi egunetan eragozpenak izango dira ibilgailuen trafikoan, eta aparkalekuak, azalekoak nahiz lurpekoak, aldi baterako itxita egongo dira auzo batzuetan: Abandon, Indautxun, Deustun, Gaztelekun (Kastañosen), Uribarrin, Matikon, Zurbaranen, Arabellan, Otxarkoagan eta Txurdinagan.
Ildo beretik, Itzuliak hiriko kaleak zeharkatzen dituen bitartean kale batzuk aldi baterako itxi eta hesitu egin beharko dira, betiere egoki seinaleztatuta.
Halere, eta gomendio orokor bezala, ez da ikuslerik eta autorik egon beharko lasterketak igaroko dituen biribilguneetan.
Trafikoaren kontrola Bilboko Udalaren esku egongo da, Ertzaintzarekin lankidetza estuan, eta azken erakunde horrek indartu egingo du hiri-segurtasunaren alorrari lotutako lana.
Aste Santuko azken eguna
Astelehenean, apirilaren 6an, Aste Santuko azken jaiegunean izango dira trafikoeragozpen handienak eta, beraz, Bilbora etortzen direnek trafiko-etenen ordutegiak kontsultatzea komeni da. Abandon eta Indautxun bizi diren pertsonen kasuan, berriz, Bilbora Juan de Garaytik sartzea gomendatzen da.
Ildo beretik, inguru horretako auzokideek kontuan izan beharko dute Kale Nagusiko aparkalekuak kendu egingo direla Moiua plazatik Jesusen Bihotzerako tartean, igandeko, apirilaren 5eko 00:00etatik aurrera, helmuga bertan ipini ahal izateko.
Bilbobusen 23 lineen ohiko ibilbidea ere aldatu egingo da Euskal Herriko Itzulia Bilbon dabilen bitartean. Horren inguruko informazio zehatza emango da geralekuetan, www.bilbao.net/Bilbobus helbidean eta 010 telefonoan (944 010 010 Bilbo kanpotik deitzen baldin bada), baina, halere, Bilboko Udalak bi egunetan treneko garraioa erabiltzea gomendatzen du.
Eragozpen horien guztien berri emateko asmoz, kaltetutako auzoetako 63.500 etxebizitzetan infoBilbao berezia jasoko dute trafikoeragozpenen plano eta informazio zehatzekin, eta kale horietan ohartarazpenak ere ipiniko dira.
Informazio gehiago: www.bilbao.net eta www.itzulia.net webguneetan.