Urepeletik Bilbora heldu da jada Korrika

uriola.eus 2015ko mar. 29a, 06:03

Azkenik, Bilboratu da Korrika. Hamaika egunez Euskal Herrian zehar 2.500 kilometro egin ostean gaur helduko da Areatzako helmugara. Inoizko Korrika bilbotarrena da 19. hau, izan ere, 45 kilometro egingo ditu auzoz auzo 'EuskAHALdun' mezua zabalduz.

 

Egin, ekin, sortu eta boteretzeko plaza

 

Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirrek idatzi eta irakurri du 11 egunez 19. Korrikako lekuko barruan Euskal Herria eskuz esku gurutzatu duen mezua. Egin, ekin, sortu eta boteretzearen aldeko mezua zabaldu du Lorea Agirrek Areatzako helmugako oholtzatik.

 

“Auzia ez da izan ala ez izan, kontua egitea da, ekitea”, esan du Lorea Agirrek bere lehen hitzetan. Horretarako lekuak plaza izan behar duela zehaztu du. “Bazterretik plaza erdira etorri, lekuaz jabetu eta hitza hartu” behar dugula. Bakartasunak utzi eta eskua ematearen alde hitz egin du “ahizpa ditugun beste boteretze bideei”.

 

“Menpeko izateari utzi” eta euskahadunltzea funtsezko jo du Lorea Agirrek “euskaldun gisa euskalahalduntzea herritar gisa ahalduntzeko”. Izan ere, euskararen auzia politikoa dela adierazi du: “Euskal hiztunona auzi politikoa da, euskararen ez da kontu pertsonala, etxekoa, ez da norbanakoarena, herritar guztion auzia da, publikoa eta kolektiboa, herrigintzaren auzia da”.

 

Bere hitzak adi-adi jarraitu dituzten milaka lagunen aurrean plaza Jakineko zuzendari Lorea Agirrek euskara “plaza publikoan” jokatzen dela azpimarratu du, eta “plazaren izaera publikoa euskaran”. Plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, bizikidetza, plazan eta euskaraz borrokatzen dira injustizia sozialak, plazan eta euskaraz jartzen da frogan demokrazia, demokrazia demokratizatzeko balio behar du euskarak”.

 

Euskalahalduntzea, hortaz, “guztiok boteretuko gaituen herri bat sortzeko” bidea da: “Izatea ekitea delako, egiten garena garelako”.

 

Ondoren taula gainean hitza hartu duen Irati Erkizia bertsolari bilbotarrak ere izatetik egiterako saltoa emateko mezua zabaldu du. “Euskaraz pentsatuz herri bat izan gaitezkelako” esanez bukatu du bere bertsoa.

 

Ildo berean abestu du Fredi Paia Bizkaiko bertsolari txapeldunak, Areatzan bildu diren entzuleei lanerako deia egin die: “Zeregin ugari dago / euskaldun zahar zein gaztea / bihotzetik ahorako / berba-zidorra piztea / gu soilik gaituen hori / maitatzen irakastea”.

 

Erakustaldi aparta

Zoriondu egin ditu AEK-ko Artezkaritzako Bizkaiko ordezkari Iñaki Urkijok Korrikan parte hartu duen lagunak, eskerrak eman dizkie “ahalegin pertsonal eta kolektiboagatik” eta hamaika egunez “euskararen mosaikoa” osatzen laguntzeagatik. “Herri gogo erakustaldi aparta eskaini diogu mundu osoari”.

 

“Hamaika egunetako ametsa ez ahazteko”, bihartik aurrera lanerako deia egin du Iñaki Urkijok, “bakoitzak beretik”, euskararen erabaki guneetan aldaketak sortzeko : “Guztion ahala batuz alderdi eta administrazio ezberdinetan ere eragin dezakegu gutako bakoitzak behra eta merezi dugun lege babesa eta hizkuntza politika izan dezagun”.

 

“Behingoz” lehiak alde batera uzteko beharra nabarmendu du Urkijok, eta “euskarak merezi duen zetralitatea emateko unea” dela gogorarazi du: “Eraman dezagun euskara plaza guztietara, zabal ditzagun adostasunaren eta elkarlanaren bideak, egin eta eragin dezagun elkarrekin euskarari behar duen hauspoa emanez. Hitz bitan, eushaldundu gaitezen”.

2015ko mar. 29a, 06:42

ZUZENEKO EMANKIZUNA
Korrikaren bukaera eta lekukoari egingo zaion harrera zuzenean jarraitu URIOLA.EUSen

2015ko mar. 29a, 06:33

Korrikak Bilboko auzo nagusiak zeharkatuko ditu

2015ko mar. 29a, 06:02

Goizeko 07:16ean sartuko da Bilbon KORRIKA 19, Enekuritik. Deustua, Zorrotza, Errekalde, Indautxu, Abusu, Alde Zaharra, Santutxu, Guggenheim aldea... euskahaldunduz, 12:25ak aldera iritsiko da San Nikolasera, Areatzako zubia gurutzatuta. Urepelen lekukoaren barruan sartutako mezua ezagutzeko unea iritsiko da orduan. 12:30ean Korrika bukaerako ekitaldiari emango zaio hasiera, lelukoari ongi etorria, hain zuzen ere.