Egin, ekin eta boteretzeko plaza

uriola.eus 2015ko mar. 29a, 14:51

Argazkia: @jaloniker

Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirrek idatzi eta irakurri du 11 egunez 19. Korrikako lekuko barruan Euskal Herria eskuz esku gurutzatu duen mezua. Egin, ekin eta boteretzearen aldeko mezua zabaldu du Lorea Agirrek Areatzako helmugako oholtzatik milaka lagunen aurrean.

“Auzia ez da izan ala ez izan, kontua egitea da, ekitea”, aipatu du Lorea Agirrek bere lehen hitzetan. Horretarako lekuak plaza izan behar duela zehaztu du. “Bazterretik plaza erdira etorri, lekuaz jabetu eta hitza hartu” behar dugula. Bakartasunak utzi eta "eskua ematearen" alde hitz egin du “ahizpa ditugun beste boteretze bideei”.

“Menpeko izateari utzi” eta ahalduntzea funtsezko jo du Lorea Agirrek, “euskaldun gisa euskahalduntzea herritar gisa ahalduntzeko”. Izan ere, euskararen auzia politikoa dela adierazi du: “Euskal hiztunona auzi politikoa da, euskararena ez da kontu pertsonala, etxekoa, ez da norbanakoarena, herritar guztion auzia da, publikoa eta kolektiboa, herrigintzaren auzia da”.

Bere hitzak adi-adi jarraitu dituzten milaka lagunen aurrean, Jakineko zuzendari Lorea Agirrek euskara “plaza publikoan” jokatzen dela azpimarratu du, eta “plazaren izaera publikoa euskaran”. Agirreren esanetan "plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, bizikidetza, plazan eta euskaraz borrokatzen dira injustizia sozialak, plazan eta euskaraz jartzen da frogan demokrazia, eta demokrazia demokratizatzeko balio behar du euskarak”. Euskahalduntzea, hortaz, “guztiok boteretuko gaituen herri bat sortzeko” bidea da: “Izatea ekitea da, egiten duguna gara”.

Lorea Agirrek irakurritako mezua osorik: korrika.eus

Ondoren taula gainean hitza hartu duen Irati Erkizia bertsolari bilbotarrak ere izatetik egiterako saltoa emateko mezua zabaldu du. “Euskaraz pentsatuz herri bat izan gaitezkelako” esanez bukatu du bere bertsoa.

Ildo berean abestu du Fredi Paia Bizkaiko bertsolari txapeldunak, Areatzan bildu diren entzuleei lanerako deia egin die: “Zeregin ugari dago / euskaldun zahar zein gaztea / bihotzetik ahorako / berba-zidorra piztea / gu soilik gaituen hori / maitatzen irakastea”.

 

Egin eta eragin "behar eta merezi dugun" lege babesa eta hizkuntza politika izateko

Zoriondu egin ditu AEK-ko Artezkaritzako Bizkaiko ordezkari Iñaki Urkijok Korrikan parte hartu duten lagunak. Eskerrak eman dizkie ahalegin pertsonal eta kolektiboaren bitarteaz “euskararen mosaikoa” osatzeagatik. “Herri gogo erakustaldi aparta eskaini diogu mundu osoari”.

“Hamaika egunetako ametsa ez ahazteko”, bihartik aurrera lanerako deia egin du Iñaki Urkijok ere, “bakoitzak beretik”, euskararen erabaki guneetan aldaketak sortzeko: “Guztion ahala batuz alderdi eta administrazio ezberdinetan ere eragin dezakegu gutako bakoitzak behar eta merezi dugun lege babesa eta hizkuntza politika izan dezagun”.

“Behingoz” lehiak alde batera uzteko beharra nabarmendu du Urkijok, eta “euskarak merezi duen zetralitatea emateko unea” dela gogorarazi du: “Eraman dezagun euskara plaza guztietara, zabal ditzagun adostasunaren eta elkarlanaren bideak, egin eta eragin dezagun elkarrekin euskarari behar duen hauspoa emanez. Hitz bitan, euskahaldundu gaitezen”.

Kepa Junkera eta Sorginak taldeak eman diote amaiera lepo bete den Korrika 19ko hemugako ekitaldiari.

 

Amaiera borobila

Azkenik, Bilboratu da Korrika. Hamaika egunez Euskal Herrian zehar 2.500 kilometro egin ostean gaur heldu da Areatzako helmugara. Inoizko Korrika bilbotarrena izan da 19. hau, izan ere, 45 kilometro egin ditu auzoz auzo 'EuskAHALdun' mezua zabalduz. Goizean goiz Deustun euripean zein Areatzako helmuga eguzkitsuan, "zirraragarria" eta "hunkigarria" izan dira korrikalarien artean gehien errepikatu diren hitzak. Eta "historikoa" Korrika lehen aldiz Deustuko Erribera, Olabeaga, San Mames edota Atxurira heldu delako. Benetan irudi ederrak utzi dizkigu Korrikak Bilbon: umeak eta adinekoak tipi-tapa, erraldoiak eta joaldunak arin-arinka, lekukoa San Mameseko harmailan...  Amaiera borobila izan du Korrika 19k, amaiera bilbotarra.

 

Areatzan azken jaia

Hainbat gune eta gune bakoitzean hainbat ekimen antolatu ditu AEK-k Korrikaren amaiera ospatzeko. Ripako kaia umeen gunea izango da, Areatzako kaia gazteen gunea eta mokofinen gunea, Sendejako Tingladoak atseden gunea, Arriaga plaza euskal tradizioen gunea eta Bilbo Zaharreko plaza bertako musika taldeak entzuteko gunea. Jatekoa, edatekoa, entzutekoa eta ikustekoa ez da faltako Korrika amaieran.

Nahi duenak Korrika 19ko kamiseta eta bestelako materiala eskuratzeko aukera izango du Areatzan bertan, Correoseko bulego ondoan, egun horretarako espresuki zabalduko den dendan. Aurreko Korrikako edizioetako materiala, berriz, tonbolan jokatuta eskuratu ahalko da.