Jai giroa nagusitu zen atzo Bilboko kaleetan Korrika 19ren etorrerarekin batera. Enekuritik sartu zen 07:16ean eta Areatzara heldu zen 12:30ean milaka lagunen babesarekin. Bertan, Egin, ekin eta boteretzearen aldeko mezua zabaldu zuen Lorea Agirrek.
Goizean goiz Deustun euripean zein Areatzako helmuga eguzkitsuan, "zirraragarria" eta "hunkigarria" izan ziren korrikalarien artean gehien errepikatu ziren hitzak. Eta "historikoa" Korrika lehen aldiz Deustuko Erribera, Olabeaga, San Mames edota Atxurira heldu zelako. Benetan irudi ederrak utzi zizkigun Korrikak Bilbon: umeak eta adinekoak tipi-tapa, erraldoiak eta joaldunak arin-arinka, lekukoa San Mameseko harmailan... Amaiera borobila izan du Korrika 19k, amaiera bilbotarra.