Aste Santuan, Bilbon, 'basque FEST'

uriola.eus 2015ko mar. 31a, 12:45

Lau egun izango dira, bete-beteak, euskal unibertsoaren askotariko arte adierazpenak gozatzeko eta bizitzeko. Besteak beste, Kepa Junkeraren kontzertua, herri kiroletako proba ikusgarriak, pintxo dastaketak edota euskal moda eta diseinu erakustaldiak.

Aste Santuan Bilbo 'basque FEST' jaialdian murgiltzen da. Hiriko hainbat bazterretara zabalduko da jaialdia aurtengo III. edizioan. Egitarau luzeak plan-sorta handia proposatzen die bisitari nahiz bilbotarrei, 100 bat jarduera hain zuzen, "euskal kulturaren eta abangoardiaren indarra agerian jarriko dutenak", Bilbao Ekintzako antolatzaileen hitzetan.

Lau egun izango dira, bete-beteak, "euskal unibertsoaren askotariko arte adierazpenak" gozatzeko eta bizitzeko. Erakusketak, kontzertuak, herri kirolen erakustaldiak, antzerkia, dantza, erromeriak… Horiek guztiek "jaigune handi" bihurtuko dute hiria, aisiarako proposamenekin eta mundu guztiarentzako gastronomia eskaintza gozoarekin, arreta berezia jarriz familiei.

Kepa Junkera

Euskal folk artistarik unibertsalenak bere azken lanen errepertorioa eskainiko du emanaldi berezi batean. Gonbidatutako artista moduan arituko dira Sorginak taldea, Ara Malikian biolin jotzailea eta Ibon Koteron albokaria. Hauspo bidaiaria. 35 urte musika egiten erakusketari lotuta egingo da kontzertua. Hain zuzen ere Azkuna Zentroan maiatzaren 3ra arte egongo da erakusketa hori.

Azkuna Zentroko ataria. Apirilaren 2a, osteguna, 20:00etan.

Herri kirolak itsasadarrean

Berriro ere itsasadarra herri kiroletako norgehiagoka ikusgarri baten eszenatokia izango da. Aurten gizon-emakume bikoteen arteko erronka izango da, agerian jartzeko gero eta emakume gehiagok parte hartzen dutela kirol horietan. Gainera, kirol mota bakarra barik, hiru izango ditugu. Zehazki: harria, aizkora eta trontza.

Bilboko itsasadarra. Areatzako zubia. Ibai-Eder ontzia. Apirilaren 3a, ostirala, 13:00etatik 14:00etara.

Marketa Zabalgunean

Zabalguneko eraikinean aurten 'market' delakoa egingo da, euskal marken eta diseinuaren erakusketa eta salmenta barne. Moda, merchandising eta souvenir etxe gehiago batu dira 'basque FEST' jaialdiaren hirugarren ediziora. Beraz, shoppingean aritzeko leku aparta izango da.

Zabalguneko eraikina. Apirilaren 2tik (osteguna) 5era (igandea). 11:00-15:00 / 17:00-21:00.


Bilboko istoriorik dibertigarriena: Gonbidatzaileak

Hauxe da 'basque FEST' jaialdiko ikuskizun deigarri eta arrakastatsuenetako bat. Beste urte batez, Gonbidatzaileek jolasaren eta antzerkiaren bidez emango dute aditzera Bilboko historia. Ez dira faltako bitxikeriak, 'bilbainadak' eta topak.

Kalejira Zazpi Kaleetan, Erriberako merkatutik Areatzaraino. Apirilaren 2, 3 eta 4an, 12:00etatik aurrera.

Antzeztutako ibilbide harrigarriak: Zubipeetan zehar

Aurreko edizio arrakastatsuaren ondoren, 'basque FEST' jaialdiaren programaziora itzuli da mikroantzerkiaren proposamen hau, itsasadarrean gora eta behera ontzi batean ibiliko diren 60 pertsonarentzat sortua. Oraingoan Pio Baroja kaitik Erriberako merkatura arte egingo da ibilbidea, bi gune horien arteko ibai-garraioaren linea bat sortuz jaialdiak iraungo duen lau egunetan.

Pio Baroja kaitik Erriberako merkaturaino (joan eta etorri). Apirilak 2, osteguna, 11:00-14.00 eta 17:00-20:00.

Barrenariak

Lehiaketa ezezagunetariko bat ikusteko aukera izango dugu. Gogora ekarriko digu barrenariek meategietan egiten zuten lana: harria zulatzea ahalik eta azkarren eta sakonen, zuloan bolbora edo dinamita sartzeko.

Areatza. Apirilaren 3a, ostirala, 12:00etan.

Euskaraz ausartzeko gida

'basque Fest 2015' jaialdiak ematen duen aukera baliatuko du Bilbao Ekintzak 'Euskaraz hitz egiteko gida' plazaratzeko. Argitalpen horretan eguneroko termino arruntak eta horien gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko itzulpenak jaso dira turistentzat. Halaber, lurraren produktuekin, tradizioekin edo Euskal Herriko kirolekin zerikusia duten hitzen zerrenda dakar. Gida horren bitartez "gure hizkuntza hedatu nahi da Bilbora eta Bizkaira datozen pertsonen artean, modu atsegin eta dibertigarrian euskara ezagutzeko gonbidapena eginez".

Erraz erabiltzeko moduko formatuan argitaratu da, kalitatezko irudiekin. 15.000 ale inprimatu dira, eta Bilboko eta Bizkaiko turismo bulegoetan, lurralde eta autonomia erkidego mugakideetan, hoteletan, barruti zentroetan, liburutegietan eta kultura zentroetan banatuko dira.

basqueFEST Gourmet

Areatzako Pasealekuak Txoko Gourmet espazioa hartuko du, eta bertan Urdaibai, Arabar Errioxa, Uribe Kosta eta Goierriko kalitatezko produktuak express dastatu ahal izango dira. 'Basque gosariak' kanpaina indartu egin da, eta proposamen berriak, parte hartzaile gehiago eta jardueraz betetako beste egun bat gehiago izango ditu. 175 taberna, jatetxe eta hotel inguruk bat egingo dute 'basque FEST” ekimenaren jai giroarekin, eta Eusko Labela izango duten pintxoak eta menuak eskainiko dituzte.

 

www.basquefest.com

EGITARAUA