Katalan jardunaldien bosgarrena

uriola.eus 2015ko api. 22a, 08:49

Bilboaldean bizi diren Herrialde Katalanetako hainbat lagunek antolatzen dituzte jardunaldiok Euskal Herria eta Kataluniaren arteko harremana sendotzeko eta katalan hizkuntza eta kultura "gurera hurbiltzeko". Sant Jordi egunaren jira-biran, inoizko egitaraurik osatuena aurkeztu dute aste honetarako.

Bosgarrena urteurren borobila dela eta, lau eguneko egitaraua osatu dute Jaia eta Xerinola elkarteko kide kataluniarrek. Hori dela eta, diote "ja són aquí les cinquenes jornades catalanes".

Gaur, apirilak 22 hasiko dira jardunaldiak Xabier Vinader, periodista contra la guerra bruta izeneko dokumentalaren proiekzioarekin. Deustuko Gazte Lokalean ikusi ahalko da 19:30ean.

Sant Jordi eguna ospatuko dute apirilaren 23an Casal Bilbao eta Zenbat Gara elkarteekin batera. Albia lorategietan, 11:00etatik aurrera, arrosak eta liburuak izango dira "guztiontzat". Arratsaldean, 20:00etan, La nova canço solasaldia antolatu dute Kafe Antzokiaren 4. solairuan, eta 21:30ean kontzertuak Zoo, Ze Esatek eta DJ Bullekin.

Apirilaren 24an Ernai eta Endavant erakundeetako kideek hitzaldia eskainiko dute 19:00etan, eta ostean pintxoak eta DJ Toro (Rebel Hits) izango dira 7Katu gaztetxean.

Larunbatarekin emango diete amaiera jardunaldiei. Vermuta, paella, bertsoak, garrotins edota pintxoak izango dira Bilbo Zaharreko kultur etxean 11:00etatik aurrera. 19:00etan, berriz, Lau Katua eta Eructeren kontzertuak antolatu dituzte.

uriola.eus/komunitatea/JaiaetaXerinola

#katalanjardunaldiak