Euskal Estatu feminista eta sozialistarantz goaz, jakintzaz ekintza

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Güemes 2015ko api. 8a, 10:40

Subjektu politiko feministaren aldarrikapena da, nire aburuz, Euskal Herriko eremu sozio-politikoan azkenengo urteetan egin den aldarrikapenik sendoena.

Feministen arteko artikulazioari esker, hiru urteetan eskas, subjektu politiko feminista aldarrikatzetik Euskal Estatu feminista eta sozialistaren aldeko ahotsak entzuten ari dira gaur. Jule Goikoetxeak politologoak azaltzen duen moduan (eta bera da lerro hau gehien jorratu duena, Euskal Estatuaren beharra ikuspuntu feminista batetik pentsatzera garamatzana, hain zuzen) estatugintza feminista, prozesu bezala ulertuta, politika publikoak egiterakoan, diskurtso ofizialak artikulatzean, zer den erabakitzerakoan –alegia, zer izango den enplegua, zer lana, nolako politika publikoak egingo diren, zer sartuko den merkatuaren logikan, etabar. Animatzen zaituztet feminista abertzaleok egiten ari garen eztabaida jarraitzera, alde batetik, eta bestetik, norberaren beharrei eta nahiari lotua, animatzen zaituztet gure bizitza eta gure gorputzak zentroan jartzen dituen birsortze lan honetan aktiboki parte hartzera.

Ez da nahikoa esatearekin: “Iraultza egiten ari gara”, iraultza bera gure gorputzetik pasa behar da eta. Ondarroan, Bilgune Feministak antolatu zuen topaketa garrantzitsu horretan, ehunka neska gazte ikusi genituen, beraz, bertan bilduta egon zen indibiduo bakoitza jarri ezkero pentsatzen zer demontre izan liteke Euskal Estatu feminista eta sozialistaren eraikuntzan subjektu aktiboa izatea, benetan asko irabazi eta asko aurreratuko genuke. Ez noa esatera sormen lan honen elementuak, eskultura monumental honen materia bera, bere zatien artikulazioa zertan datzan asmatzea lan erraza denik, ez, sormen lana ez soilik plazerrarekin, minarekin ere erabat lotuta baitago. Benetan ausartak izan behar gara tamaina itzelezko obra kolektibo hau egia izan dadin. Horretarako, kritikoki pentsatzen ikastea da, nire ustez, bizi garen errealitatearen analisi zorrotza egiten lagunduko gaituen ekintzarik preziatuena. Eta ez gara konformatuko, inondik inora, beste persona batzuk (nahiz eta gure kide maitagarriak izan) zabaltzen duten  leloaren errepikapena hutsarekin, lelo horren azpian, goian eta bere hutsuneak eratzen dituzten zirrikitu guztietan miatzen hasiko gara. Jakintza baita egin beharreko bidaia, jende libreen herri aske baten bizirau(li) nahi baldin badugu.