Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak aurrerapauso gisa ulertu du aurreko martxoaren 27an, familiak eskatuta, Udaletxeko Arabiar aretoan Iñígo Cabacas oroitzeko eta omentzeko egindako ekitaldia. Aldiz, gogor salatu du ekitaldia "hiru urteko atzerapenaz" etorri izana.
EHBilduren bozeramaleak gogoratu du, familiak Udala bezalako instituzioengandik jasotako tratu eskasa. Testuinguru honetan, egun EAJ, PP eta PSEk sinatutako adierazpen instituzionalak bere horretan jarraitzea deitoratu du. Aipatutako hitzarmenak Cabacasen heriotza kirolaren inguruan dagoen bortizkeriaren baitan kokatzen zuen "ordea, mundu guztiak zekien Iñigo Ertzaintzaren pilota batek hil zuela".
Hau guztia dela eta, EH Bilduk bozeramaileen batzordea deitu du aipatutako adierazpen instituzionala bertan behera geldi dadin. Ibaibarriagaren aburuz "soilik honela ulertu daitezke Ibon Areso alkateak justizia eskatuz egindako adierazpenak".
EH Bilduren bozeramaleak premiazkoa deritzo Cabacasekin jazotakoa argitzea, arduradun guztien izenak ahalik eta lasterren mahai gainean jartzea eta polizia ereduaren inguruan eztabaida sakona irekitzea.
Gauzak honela, EH Bilduk deia luzatu du larunbat honetan Cabacas Ertzaintzak hil zuen Maria Diaz de Haroko kale kantoian bertan arratsaldeko 19:00etan burutuko den omenaldian parte hartzeko.