Udaltzaingoak abian jarriko du ibilgailuen abiadura kontrolatzeko kanpaina

uriola.eus 2015ko api. 10a, 10:48

Apirilaren 13tik, astelehena, apirilaren 19ra, igandea, Bilboko Udaltzainak ibilgailuen abiadura kontrolatzeko kanpaina gauzatuko du. Ekimena Euskal Herriko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, eta helburua da gidariak bolantearen aurrean duten erantzukizunaz jabetzea, bide-segurtasuna bermatzearren. 

Modu horretan, Udaltzaingoak egunero batez beste lau kontrol egingo ditu kanpainaren zazpi egunetan zehar, hirian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radarretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte.

Kasu batzuetan, unean bertan emango diote arau-hausleari muga gainditzearen berri, kanpaina dibulgatzailea izateagatik eta gidariek erantzukizuna hartzearren; besteetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute.

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoaren Koordinazio eta Trafiko Sailak jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aurrez ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

2014an egindako kanpainen datuak

Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko lau kanpaina egin ziren iaz. Udaltzaingoak kontrolatutako 601.970 ibilgailuetatik 1.011 salatu zituen, hau da, guztien % 0,17.

Kanpaina honetan ere kontrolak goizez eta arratsaldez jarriko dira Bilboko zirkulazio-sarean, euren kokapena dela-eta gidarien segurtasunaren ikuspegitik arriskutsuak gerta daitezkeen lekuetan.