Bilbon errodatutako ‘Txarriboda’ thrillerra Multietan ikusgai

uriola.eus 2015ko api. 10a, 11:41

Javier Rebollo eta Alvar Gordejuelaren bigarren filma 'Txarriboda', gaur, apirilak 10, estreinatuko dute areto komertzialetan. Barton Filmsek ekoitzitako lanean Patxo Telleria, Itziar Atienza, Alvar Gordejuela bera, Mikel Losada eta Aitziber Garmendia euskal aktoreek hartu dute parte, besteak beste. Bilbon, Multi aretoetan egongo da ikusgai.

Iragan udan Bizkaiko hainbat herritan eta Bilbon bertan ibili zen Txarribodako lantaldea, filma errodatzen. Besteak beste, Bilboko udaletxe zaharraren eraikina baliatu zuten Ertzaintzaren bulegoak irudikatzeko. Filma euskal zinemagintzan gutxitan landu den thriller generoan kokatzen da, eta Fran (Mikel Losada), Klara (Itziar Atienza), Igartua (Patxo Telleria), Iker (Alvar Gordejuela) eta Begoña (Aitziber Garmendia) dira protagonista nagusiak.

Bere aberastasuna arriskuan ikusiko du Fran enpresariak senar-emazteen arteko arazoak tarteko, eta Begoña emazteaz desegiteko plan bat onduko du; gazteak, baina, Klara poliziari aurre egin beharko dio, kasua argitzeko arrazoi indartsuak dituen emakumea. Honek, aldiz, Igartua agentearekin borrokatu beharko du, bere lana egiten utz diezaion.

Filma gaur, apirilak 10, helduko da zinema areto komertzialetara. Maria Eugenia Salaverri arduratu da gidoiaz, bi zuzendarien laguntzarekin, eta jatorrizko bertsioa euskarazkoa da.

 

zinea.eus