Giza eboluzioaz dakiguna eta ez dakiguna

uriola.eus 2015ko api. 21a, 08:30

Argazkia: zientziakaiera.eus

Carmen Manzano UPV/EHUko Antropologia irakasleak zalantzak argitzeko 'Giza eboluzioa: zer ez dakigu eta zer uste dugu dakigula?' izeneko hitzaldia emango du gaur, hilak 21, Alondegian.

Homininoen taldean bizirik dirauen espezie bakarra gurea da: Homo sapiens. Alabaina, egoera zeharo desberdina zen iraganean; zenbait unetan espezie bat baino gehiago bizi izan zen aldi berean.

Giza leinua osatzen duten espezieen arbola genealogikoari buruzko zenbait gauza ezagutzen dugula uste dugu, baina badaude ebatzi gabeko gaiak: zein espezie izan zenHomo generoaren arbasoa? Zenbat espeziek osatzen dute generoa? Noiz agertu ziren gizakion ezaugarri nagusiak: bipedalismoa, entzefaloaren handitzea…? Galdera horiei erantzuna ematea da, besteak beste, antropologiak hurrengo urteetan izango duen erronka nagusietakoa.

Carmen Manzano UPV/EHUko Antropologia irakasleak gai hauei buruz hitz egingo du gaur, apirilak 21, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Azkuna Zentroan (Bilboko Alondegia) eta aurreko galderak erantzungo ditu ‘Giza eboluzioa: zer ez dakigu eta zer uste dugu dakigula?’ izeneko hitzaldian.

Carmen Manzano, egun, Antropologia Fisikoa eta Giza Biologia Ebolutiboa irakasten ditu UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Haren ikerketa lerroa, besteak beste, euskal populazioaren egitura genetikoari lotua dago. Azken urteotan DNAren bariazioaren azterketan murgildu da Andone Estonba doktoreak zuzentzen duen Genomic Resources taldean. Bertan, zenbait animalien espezien DNAren bariazioa ikertzen duten proiektuetan parte hartzen du.

 

zientziakaiera.eus