CNT sindikatuaren 'Memoria viva'

uriola.eus 2015ko api. 13a, 08:49

Anarkosindikalismaren borroka, itxaropen eta ilusioak biltzen dituen dokumentala Euskal Herrian ikusteko aukera izango da gaur Sestaon eta bihar, asteartea, Bilboko Golem zinemetan.

Antonio J. Garcia de Quiros Rodriguez dokumentalaren zuzendaria Euskal Herrian da egunotan bere lana aurkezten CNT sindikatuko kideekin batera. 2009an ekin zion Garcia de Quirosek iberiar penintsulako anarkosindikalismoaren historiari loturiko lekukotzak jasotzeari. "Dokumentaletik haratago doan memoria kolektiboa, etorkizunez eta itxaropenez betea" dela dio ikus-entzunekoaren egileak.

Lau urte eman dituzte Garcia de Quiros eta bere lantaldeak "ahalik eta testigantza gehien" biltzen Espainian, Portugalen, Frantzian eta Inglaterran. 80 bat lagun elkarrizketatu dituzte eta 300 bat ordu grabatu.

Confederación Nacional del Trabajo (CNT) sindikatuaren sorreratik 100 urte luze pasa direnean, dokumentalak sindikatuaren ahotsa berreskuratzea du xede bere kideen bitartez. "Bizipen, itxaropen, amets eta iraultza historia" da beraiena zuzendariaren hitzetan.

Bilbon, hitzordua, apirilaren 14an izango da, asteartea, 19:00etan, Golem zinemetan (Alondegian). Sarrerak bi euroko balioa izango du. Dokumentalaren proiekzioaren ostean, zuzendariak publikoarekin iritzi eta hausnarketak trukatuko ditu.