Jardunaldiok apirilaren 16an egingo dira, EHUren Bizkaia Aretoan (Baroja Entzunaretoa).
10:00etan, Paul Ortega Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak eta Oihane Agirregoitia Bilboko Udalaren Berdintasun, Lankidetza eta Hiritartasun zinegotziak inauguratuko dituzte
Garapenerako Estrategia Positiboei buruzko Jardunaldien hamargarren edizio honetan, Afrikan eta Asian emakumeen aurka agertzen diren indarkeriazko adierazpen zehatzei buruz gogoeta egin nahi dute. Helburua zera da: gune horietako emakumeen errealitateak ezagutzea eta emakumeen zein feministen erakundeek emakumeen kontrako egiturazko indarkeriaren adierazpenei aurre egiteko izaten dituzten borrokak ikusaraztea.
Jardunaldietan hiru gai nagusi aipatuko dira:
- Indarkeria, espazio publikoan emakumeak aske mugitzeko asmoa kentzeko estrategia. Amal Khreisheh Palestinian Working Women Society for Development elkarteko kidea eta Leire Lasa Euskadiko CEAR (Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordea) elkarteko Eragin eta Partehartzerako Sailaren arduraduna izango dira hizlariak.
- Indarkeria sexuala, politikarako eta gerrarako arma. Caddy Adzuba Kongoko Errepublika Demokratikoko Association des Femmes des Médias du Sud Kivu elkartearen kidea egongo da.
- Kultura, mendekotasun patriarkalerako eta emakumeen aurkako indarkeriaren tresna. Sophia Abdi Noor Keniako 10. Parlamentuko kidea, Fatima Djarra, Flor de África Emakume Afrikarren Elkarteko kidea eta Neelavally Indiako Initiatives Women in Development elkarteko kidea izango dira hizlariak.
Nazio Batuetako datuen arabera, munduan emakumeen %70ek indarkeria sufritzen du bere bizitzan. Datu hori kontuan hartuta, emakumeen aurkako indarkeria egiturazko fenomeno sistemikoa dela ulertzean oinarritzen da jardunaldien ikuspuntua. Hala, ez da kultura, eskualde, edo herrialde jakin batean mugatzen, ezta emakume-talde partikularretan ere; izan ere, erroa beti bera izaten da: gizonezkoak ardatz hartzen dituzten balioak (androzentrikoak), sexu bien arteko botere-harremanetan orekarik eza legitimatzen dutenak.
Jardunaldietan mezu hau helarazi nahi dute: indarkeria matxistaren aurreko emakumeen erantzuna antolatua eta feminista izan behar da, emakumeak biktimatzat hartzen dituen ikusmoldetik aldenduta. Horretan oinarrituta, jardunaldiek helburu hirukoitza dute:
- Emakumeen aurkako indarkeria emakumeen askatasun eta eskubideak mugatzen dituen estrategia orokortzat hartzeko gakoak ezartzea.
- Emakumeen zein emakume eta feministen erakundeen borroka eta erresistentziako esperientziak ikusaraztea eta ahalduntzeko prozesuetan nolako eragina duten aztertzea.
- Ezagutzeko, trukatzeko eta guztion artean eraikitzeko gunea sortzea. Haren bidez, afrikar, asiar eta euskal proposamen feministen arteko aliantzak sortu nahi dituzte, eta horretan euskal garapenerako lankidetza eragile aktiboa izateko aukera barne hartuta.
Jardunaldiak hurrengo eragileei zuzenduta daude: garapenerako lankidetzaren langileak, emakumeen eta feministen elkarteak, indarkeria matxistaren alorrean jarduten duten elkarteak eta, oro har, azaldutako gaietan interesa dutenak.
Izena emateko idatzi hurrengo helbidera: jornadasempoderamientobilbao@gmail.com