Manu Cabacas eta Fina Liceranzu, Iñigo Cabacasen gurasoak, Xabier Irazusta, 1995ean, Donostian pilotakada bat jaso eta gero hil zen Rosa Zarraren alargunak; Mikel Quintela, pilotakada batengatik begi batean ikusmena galdutakoak; eta Joseba Nafarratek, Ertzaintzak jaurtitako pilota batek jo eta gero buruan zauri larria izan zuen Xuban Nafarrateren aitak parte hartu dute agerraldian. Bihar pilota-jaurtitzaileen erabilera Eusko Legebiltzarrean eztabaidagai izango denez, argi utzi nahi izan dute horien erabilera, "arrazoi sozialaren aurkakoa eta erabateko zentzugabekeria" dela eta ez dutela "inoiz ulertuko" Legebiltzarrak gomazko pilotak jaurtitzeari "legitimotasun eta babesa politikoa" ematea.
Azaldu dutenez, "Inoiz ez gehiago!" da haien ohiu desesperatua, "saminez eta mingostasunez bizi dutelako erabaki politiko oker baten ondorioa". Haien aburuz, esperientziak frogatu du "gomazko pilotak material hilgarriak direla, hiltzen dutela" eta tragikoa litzatekeela eurenak bezalako gertakariak "Eusko Legebiltzarraren babespean gertatzea".
Cabacasena gomazko pilotek eragindako azken heriotza izatea eskatu diote Legebiltzarrari eta beraz, ez dela nahikoa horien erabilera murriztea; "ez erabiltzea bermatu behar da". Gauzak horrela, biharko egunean, pilota-jaurtitzaileak behin betiko debekatzea eskatu diote.