Irudi horiek zabaltzen ari zirela eta, horien gaineko erreakzioak ezagutu bezain laster, erabaki du Bilboko Udaleko Segurtasun Sailak Errekaldeko "gertaerak argitzeko" informazio-espedientea zabaltzea.
Komunikabideetara zabaldu duen mezu batean Bilboko Udalak azaldu duenez, irudi horiek "zatika islatzen dute 2015eko apirilaren 5eko 19:50ean egindako atxiloketa bat, izan ere, bi udaltzainek gelditzeko agindua eman zioten kontrako noranzkoan eta lerro zuzena zeharkatuz zebilen motorzale bati, agenteek aurretik egindako hainbat eskaerari uko egin ondoren".
Identifikazioa eskatu zioten unean, gizonak bortizkeriazko jarrera azaldu eta ukondokada bat eman zion udaltzain bati -Udalaren arabera-, "sudurrean eta begiaren inguruan traumatismo bat eraginez, udaltzainaren agiri medikoak frogatu duenez". Errefortzuak eskatu ondoren, udaltzainek gizona geldiarazi eta atentatuagatik, desobedientziagatik eta aginte-agenteekiko erresistentzia larriagatik atxilotu zuten.
Era berean, atxiloketaren ondoren, atxilotuak berak eskatuta, udaltzainek anbulategi batera eraman zuten, azterketa medikoa egin ziezaioten. Azkenik, goizaldean atxilotua aske utzi eta gertaeren inguruko diligentziak aurkeztu zituzten Gau eta Eguneko Epaitegian. Maiatzean, epaiketa azkarra egingo da gertaerak argitzeko.
EH Bildu: "Onartezina eta desegokia"
Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak adierazi du halako jarrerak "giza eskubideen errespeturako oinarrizko arauak urratu baino ez dituztela egiten eta oso urrun daudela EAJ bultzatu nahi duen gertuko polizia eredu berritik".
EH Bildu Udal Taldearen iritziz, pasa den igandean Errekaldeko Gordoniz kalean izandako Udaltzaingoaren jokabidea "onartezina eta desegokia" da. Aitziber Ibaibarriaga bozeramaleak Herritarren Segurtasunerako zinegotzia den Tomas del Hierroren premiazko agerraldia eskatu du. Honetaz gain, Ibaibarriagak zenbait udal poliziaren jarreraz ohartarazi du, "giza eskubideen errespeturako oinarrizko arauak urratu baino ez dituzte egiten eta oso urrun daude EAJ bultzatu nahi duen gertuko polizia eredu berritik".
Aipatutako kasua ondorengo helbidean kontsultatu daiteke: https://www.facebook.com/100009226782610/videos/1410667405917472/