Euskararen azentua eta intonazioa irakasteko metodoa sortu dute 'laissez faire' politika baztertzeko

Arrate Diez 2015ko api. 16a, 08:50

Iñaki Gaminde, Aintzane Etxebarria, Gotzon Aurrekoetxea, Urtza Garay eta Asier Romero pedagogia, hizkuntzalaritza eta filologia arloko irakasleak dira Leioako Irakasle Eskolan, eta ‘Ahoskera lantzeko argibideak eta jarduerak. Laguntzarako materiala: teoria eta praktika’ (EHU, 2014) izenburua duen liburua aurretiaz egindako ikerketa askoren emaitza dela diote. Autoreentzat liburuaren edukia irakasleei eskoletan azaltzea litzateke egokiena.

Gizartean ikusi duten kezkak bultzatu zituen liburua idaztera, “prosodia oraintsu arte bazterturik” egon baita. Prosodia hizkuntzari dagokion melodia da, hitzen gainetik dagoena eta hizkuntzari nortasuna ematen diona. Beraz, estandarrean azentua eta intonazioa deskribatzeari ekin diote. “Ezin egon gara baten batek agindua eman arte itxaroten egon”, aipatu dute. Irakasleak dira eta egunero behar dute. Izan ere, historikoki ahoskerari buruz dauden erabakiak oso urriak dira.

Euskara batua sortu zenean idazteko sortu zen eta familia transmisiorik izan zezakeenik ez zen aintzat hartu. Lehenbiziko entseguak ortografia eta aditzari begira egin zituzten eta ahoskera batzordea sortu bazen ere, egindakoa folio bitan bildu zuten.  

Txillardegik egin zuen azentuari buruzko lehen proposamena eta ondoren beste hainbatek jarraitu zuen. “Guk iaz egin genuen gure proposamena aurrekoenak kontutan hartuta, interneten entzun daitekeen hiztegia sortu genuen, hain zuzen (bostakbat.org/azkue)”, dio Iñaki Gamindek.

Batua eta estandarra kontzeptuak bereizten dituzte ikertzaileek. Hala, estandarra hiztunok hartakotzat duguna dela diote, ez dago estandar bakarra. Ez da berdin Bilbon ala Maulen estandartzat hartzen dena. Ikertzaileek bateratasun batzuk topatu dituzte eta horiek jarraituz proposamenak egin dituzte. Era horretan, maisu-maistrei azentua eta intonazioa irakasteko metodoa sortu dute, hain justu. Honetaz gain, liburuan proposamen didaktikoak jaso dituzte eskolara eramateko asmoarekin. “Bestela, dagoen laissez faire politikarekin ez dakigu hamar urte barru zer gertatuko den; norbaitek nahiko balu gai horietan sakondu, gutxienez badu euskarririk”.

Urtza Garayk liburuaren alde didaktikoa azaldu dio BERTON aldizkariari. “Jarduera batzuk sortu ditugu atal horretan era ludiko batean praktikara eraman ahal izateko. Ikasleen protagonismoa landu dugu, haiek dira protagonista eta irakaslea eredu bihurtzen da. Euskal jolasak erabili ditugu, umeen olgetak, hain zuzen”.

Asier Romero ikertzaileak dioenez, “liburuan agertzen diren kontzeptuak ez dira ikasliburuetan agertzen, beraz, mahaigaineratzen saiatu gara. Eskoletan nola landu da azaldu duguna”.

Lan taldea pozik agertu da liburuak izan duen harrerarekin. Liburuaren erabiltzaile potentzialak irakasleak diren heinean, interesgarritzat jotzen dute eta prest daude eskoletara joateko behar adina azalpen ematera.

Bostak EUDIA Euskararen Bariazioa Aztertzeko Ikerketa Taldeko kideak dira. EUDIA taldea Gasteizen sortu zen euskararen gaineko bariazioa aztertzeko asmoz, ahozkoa lantzeko eta ahozko hori gero transmititzeko eta eskolara eramateko berton lantzeko. “Partaideak arlo ezberdinetatik gatoz, hizkuntzalaritzatik, pedagogiatik, filologiatik, eta departamentu honetan bildu gara”, aipatu du Iñaki Gamindek. “Ideia ahozkotasuna lantzea zen eta hori eskolarekin txertatzea. Gure proiektua Euskal Herri osorako da”, azaldu dute ikerlariek.

 

“Euskal identitatea landu beharko genuke”

Lan taldekoen aburuz, “ikasleek ez dute nahiko erreminta linguistikorik batez ere eman ez zaizkielako”. Irakasten zaiena gela barruko moldatzea da, baina horrekin bakarrik ezin dela bizi argi utzi digute adituok. “Txikitatik eman behar zaizkie ereduak, bestela erdarara jotzen dute, nahiz eta D eredukoak izan. Badira ere eredu ona etxean jaso dutenak baina konplexuz beteta daude eta eskolan irakasten zaiena beste hizkuntza bat da. Etxeko natiboa txarto ikusita dago baina kanpora bagoaz indigenen etxean egon nahi dugu bestelako hizkuntzak ikasteko”. Urtza Garayren esanetan, “askotan ez dakigu euskaraz aritzen ez dugulako identitaterik, nahasketak ditugu eta euskal identitatea landu beharko genuke. Identitatea norberaren egunerokotasunarekin lotu behar dugu; hiztuna ez dugu baloratzen”.

Euskaldunari “berbetan” eta “baketan” utzi behar zaiola aldarrikatu dute adituek. Gauzak “berez” sortuko direla diote eta euskalduna “pozik” bizi behar dela euskaraz. Honez gain, inbertsio “falta” igartzen dute eta, dirurik inbertitzen ez bada kontu horietan, “jai daukagula” uste dute. Katalanarekin alderatuta “oso atzean” geratzen ari da euskara, emigranteek adibidez, “beraien hizkuntzatik katalanera bihurtzen dizkieten hiztegiak dituzten bitartean, hemen erdarara itzultzen zaie, ez ordea, euskarara”.