Atsedenaldiaren aurretik, 'Su garaian' zuzeneko lan bikoitza plazaratu du Governorsek

uriola.eus 2015ko api. 16a, 13:44

Bilboko Santana 27 aretoan joan den urtarrilean, eszenatoki borobilean eta zaleengandik hurbil, Governors taldeak eskaini zuen kontzertuak emaitza bikoitza utzi du. Kalitate handiko soinua (CD) -Haritz Harreguyk nahastua- eta 20 abesti iruditan (DVD) -Artemanek ekoitzia-. 2016an atsedenaldia hartuko du taldeak "erronka berriekin" 2017an itzultzeko. 

Bederatzi urte eta lau diskoren ostean Governors taldeari "ideia ona" iruditu zitzaion Baga Baga disketxetik jasotako proposamena, zuzeneko lana ateratzea. Izan ere, orain arte taldearen "kalitate handiko" dokumentu bisualik ez zegoen. Hortaz, 'Su garaian' izeneko CD eta DVD aukera ona da "hurrengo urtean entzun eta ikusi nahi gaituenak zer edo zer edukitzeko", taldekideek aurreratu dutenez. Izan ere, Governors taldeak atsedenaldia hartzea erabaki du 2016an. Gaur Kafe Antzokian iragarri dute 2017ra arte "ez garela itzuliko". "Puntu eta jarraia" egingo dute, eta horretarako zer "egokiagorik" bederatzi urtetako lau diskoak "laburbiltzea" baino.

'Su garaian' "gauza berezia da", gaurko agerraldian Governorseko kideek azaldu dutenez. "Desberdina". Lau diskoetako 20 kantu daude bertan -CDan bi gutxiago "gaitasun arazoengatik"-. Lauetatik aterako aleak dira, "nahiko orekatua da", bai zaleek bai taldekideek hautatuak. Eta "beti" ahalegintzen denez taldea "harritzen", "burugogor" aritu ziren eszenatoki borobil bat sartuko zen areto bila zuzenekoa grabatzeko. Bilboko Santana 27n aurkitu zuten. Joan den apirilaren 27an zuzenekoa eman zuten egun hartan bota zuen elurte gogorrari aurre eginez.

Zuzenekoetan Governorsekin aritzen den Haritz Harreguyk nahastu ditu kantuak -Usurbilgo Higain estudioetan- eta Arteman enpresako lantaldeak bideoen errealizazioa, azalaren diseinua eta diseinu orokorra burutu ditu. Kolaborazioen artean, hiru nabarmendu ditu taldeak: Naroa Gaintza eta Zuriñe Hidalgo kantariak eta Aitor Antruejo gitarra. "Oso pozik" geratu dira Governorseko kideak emaitzarekin. "Oso ona" dela azpimarratu dute.

2006tik bi urtero behin atera du taldeak lan bana. Harrezkero "ez dugu atsedenik hartu eta ez dugu astirik izan abestiak konposatzeko". Euskal Herrian, Estatuan eta kanpoan ere ibili den taldea izaki, ez profesionalak gainera -"gu ez gara musikatik bizi" gogorarazi dute-, deskantsua beharrezkoa zuten. "Txapa emateari utziko diogu, guk eta zaleek atsedenaldia behar dugulako".

2016. urtea lasaitu eta konposatzeko erabiliko dute beraz. Erronka berriei aurre egiteko, koska bat gora egiteko. "Guk ere erronka berriak behar izaten baititugu, eta bilatuko ditugu". Ideiak badituztela diote, ezer aurreratzerik nahi izan ez duten arren, baina Governorsen "esentzia" ez da aldatuko.

Ondarrun eta Otxandion asteburu honetan ekingo dio Governorsek bere doinu bortitzak zabaltzeari. Atsedenaldia baino lehen eszenatoki asko du zapaltzeke.

 

myspace.com/governorszone