"Legebiltzarrak berriro ere borondate politikorik ez duela argi utzi zuen gomazko piloten debekua ez onartzean"

Lotsagarria, iraingarria eta ulertezina atzo Gasteizko Parlamentuan herritarrok ikusi behar izan dugun ikuskizun tamalgarria. Imajina dezakegu zer sentitu zuten, Parlamentura hurbildu ziren gomazko pilotek kaltetutako lagunek.

Herri Ekimen honetatik hamaika aldiz errepikatu dugu Iñigorekin gertatutakoa berriro errepika ez dadin berme bakarra piloten erabilpenaren debekua dela. Ez dago beste biderik, ez dago beste formularik. Gaur parlamentuan PSE, UPyD, PP eta PNVk hartu duten erabakiak argi uzten du behin eta berriz salatu dugun konpromiso politiko falta nabaria dagoela hilketa gehiago ekiditeko.

Asteazkenean gomazko pilotek kaltetutako hainbat lagunek prentsaurrekoa eskaini zuten Bilbon. Bertan Iñigorena azken hilketa izan dadin eskatu zuten. Haien kasuak azaldu zituzten. Eta benetan zirraragarria izan zela haiek entzutea. Eta gure elkartasun osoa eskaintzearekin batera Herri Ekimenetik Manuk botatako hitzak gureak egiten ditugula argi utzi nahi dugu. Atzo eztabaidagai egongo zen proposamenari buruzko galdera bati erantzunez “Soilik Parlamentu eta Gobernu ergel batek beharko lituzke hildako gehiago akatsa zuzentzeko”. Parlamentu eta Gobernu ergel baten aurrean gaudela salatu behar dugu gaurkoan, atzo bizi izan dugun eztabaida faltsua ikusita.

Hartu beharreko erabakia argia zen: gomazko piloten erabileraren debekua. Hainbatetan aipatu dugun bezala, eta asteazkenean Xubanen aitak esan bezala, eskatzen den hau ez da ezer berezia, Europar Batasunean eta Katalunian bertan debeku hau indarrean dagoela gogoratu behar dugu.

Ulergarria beraz gaur bertan izan diren lagunen inpotentzia eta haserrea, geurea ere egiten dugu.

Beraz, eta amaitzeko, esan bezala lotsagarria PNV, PSE, PP eta UPyDren jarrera eta diskurtsoak. Aurpegia zuritzeko asmoarekin egindakoak baina etorkizunean Iñigo bezalako hildako gehiago egotea argiki baimentzen duena.