Bosgarren edizio honetan, bertsolari hauek hartuko dute parte Fredi Paia, Jone Uria eta Sustrai Colina, Athletic Cluben aldetik; eta Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Amets Arzallus, Real Sociedaden aldetik.
Kirola eta kultura uztartzeko ahaleginaren emaitza da Bertso-derbia. Horren adierazle edizio hau Leioako Unibertsitateko kanpusean ospatzea. Athletic eta Reala Fundazioek, gizalegezko futbol zaletasunaren alde, taldeen arteko lehiatik haratago kirolak eta kulturak batu egiten gaituztela sinetsita daude. Horrez gain, Athletic eta Reala Fundazioek Euskararen Normalizazioan egiten duten ahaleginean kokatzen da Bertso-derbia. "Gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko balio du".
'Kiroltasunez' lemapean ospatuko den V. Bertso-derbian, lehiakide izateko modu sanoari heldu nahi zaio; lehiakorrak, zirikatzaileak izango gara jokoan eta oholtzan, guztiaren gainetik ordea herri bereko partaideak gara.
'Kiroltasunez' darabilte jokalariek baloia zelaian; eta "kiroltasunez" hitza bertsolariek oholtzan. Jokaldia bezala sortzen dira esaldiak eta bertsoak. Bertsoa ere futbola bezala jarduera kooperatiboa baita, bertsolariek elkarlanean egiten dutena.
Andoni Egaña bertsolariak aurkeztuko du saioa. Bertsotrama baten modura planteatuko du oraingoan. Bertsolari bakoitza trama bateko pertsonaiaren paperean jarriko du tramagileak eta "kiroltasunez" eutsi beharko dio bere pertsonaiari.
Leioako campusean, EHUko Areto Nagusian ospatuko da martxoaren 28an, asteartean, doako sarrerarekin lekua bete arte.
Bestalde, bertso lehiaketatxo bat deitu da plataforma honen bitartez (http://www.athletic-club.eus/eu/bertsoderbia.html), eta edozeinek har dezake parte hasierako bertso bati amaiera jarriz. Parte-hartzaile ororen artean, Athletic Club-Real Sociedad partidarako bi sorta sarrera bikoitzaren eta Athletic Clubeko bost baloi ofizialen zozketa egingo da.