Burtsa Udaltegiak Camu Martinho artista asturiar polifazetikoaren marrazkiz osatutako erakusketa jasoko du. Bizitza guztia beretzat marrazten aritu ondoren, artista zenbait argitalpen eta talde erakusketetan laguntzen eta parte hartzen hasi zen, bere lehenengo bakarkako erakusketa den honetara heldu arte. 'The drawing collection' erakusketak, zuri beltzean, tintaz, egindako lanak jasotzen ditu. Bertan eragin anitzak hauteman daitezke, zinea, musika eta pintura. Artistak ahalegina egiten du gizakia inguratzen duten ohiko sentimenduak islatzeko, beldurra, tristura, bakardadea, isolamendua, eta baita amorrua ere. Erakusketa maiatzaren 4tik 16ra egongo da zabalik.
FNAC-ek, zinemaldiari laguntza ematen dion saltokiak, Julian Lara (Sevilla, 1975) zine zuzendariaren 'Welcome to Hollywood' liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du maiatzaren 7an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Zuzendariak, Estatu Batuetan izandako esperientziak biltzen ditu liburu horretan. Umorez eta izpiritu positiboz, kritika egiten dio zine munduari, Hollywooden egin zituen hiru urteetan egunero bere burua berrasmatu behar izan zuen pertsonaren esperientzian oinarrituta. Julián Lara ezaguna da, beste gauza batzuen artean, zine munduko hainbat jaitan baimen barik sartzea lortu zuelako. Hori dela eta, Spielberg, George Lucas edo Guillermo del Toro bezalako zinegileak ezagutu zituen. Liburuak Santiago Seguraren hitzaurrea eta Alex de la Iglesiaren epilogoa ditu. Biak ere Sevillako zinegilearen adiskide onak dira. FNAC-en egingo den aurkezpen ekitaldirako sarrera librea izango da.
FANT menua
Beste alde batetik, eta aurreko edizioetan bezala, indarrak berreskuratzeko eta emanaldien erritmoari jarraitu ahal izateko, San Mames Zumardiko 6 zenbakian dagoen Kazeta jatetxeak, odolez betetako menu berezi fantastiko bikaina eskainiko du, 12,50 euroren truke. Sukaldariaren proposamenean, begi odoleztatu entsalada edo zonbi barrunbeak euren harrekin, hilkutxa ustela edo estra-lurtarraren begi handia bezalako jaki erakargarriak jasotzen dira, guztia ere, bere ardandegietako zezen odolez bustia.
Kazeta jatetxea izango da ere, maiatzaren 2an, Kale Nagusiko BBK Aretoan 'FANT Pandilla' saioa amaitzean egingo den Pre-FANT jaia egiteko aukeratu den lekua. 'FANT Pandilla' saio horretan, 80ko hamarkadako bi lan klasiko eskainiko dira, Bitelchus eta Cazafantasmas. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Beste alde batetik, Azkuna Zentrotik gertu dagoen El Muro tabernak ere bat egingo du jaiarekin. FANT 21eko ikus-entzule guztien ezinbesteko topaleku bilakatuko da. Izan ere, zine emanaldiak amaitu ondoren, sarrerarekin hurbiltzen diren FANT-en jarraitzaileentzat beherapenak eskainiko ditu.
Master class eta topaketa Pedro Riverorekin
Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren hurrengo edizioak profesionalentzako topaleku ere izan nahi du. Hori dela eta, bi saio antolatu ditu Ander Pardo antzezlearekin eta Pedro Rivero zuzendariarekin.
Ander Pardo ezaguna da pertsonaia beldurgarriak, makerrak edo munstro itxurakoak antzezten dituelako. Lan horiek egiteko hainbat karakterizazio ordu behar izaten da aurretik. Hori dela eta, maiatzaren 15ean, goizeko 11:30etan, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, pertsonaia fantastikoen protesi azpiko antzezpenari buruzko master class bat eskainiko du. Ordubete eta erdiko saioan, ohiko antzezpenaren eta protesi azpian egiten denaren arteko aldeak azalduko ditu, anekdotak kontatuko ditu, makillaje saioen argazkiak eta bideoak ekarriko ditu eta film laburretan egin dituen lan batzuen zatiak eskainiko ditu. Master class hori doakoa izango da, baina aurretik izena eman beharko da fanteskola@fantbilbao.net helbidean.
Sangre de unicornio animazioko film laburrari esker aurtengo Goya sarietarako izendapena jaso duen Pedro Rivero zuzendari bilbotarrari dagokionez, ikus-entzuleentzat eta sektoreko profesionalentzat zabalik egongo den topaketa izango du. Topaketa horretan, Psiconauta' bere hurrengo lanaren zenbait puntu aurreratuko ditu. Saioa maiatzaren 9an izango da, eguerdiko 12:30etan, Bastida Aretoan. Sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.