Maureen Ada Otuya eta Yenni Sofia Revollo gogoratzeko eta indarkeria sexistari erantzuteko hitzordua

uriola.eus 2015ko api. 21a, 12:10

Bilboko Koordinadora Feministak bihar, hilak 22, kontzentrazioa deitu du goizeko 09:30ean EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, Bilboko Albiako Lorategietan.

Helburu bikoitza du Bilboko Koordinadora Feministak biharko deitu duen elkarretaratzeak. Batetik, Maureen Ada Otuya eta Yenni Sofia Revolloren senide eta lagunei "elkartasuna adieraztea" eta, bestetik, indarkeria sexistaren aurka "irmotasunez erantzutea".

"Bi bilbotarren duintasunaren defentsa" aldarrikatuko dute bihar koordinadorako kideek. Emakumeentzako justizia lortzeko beharrezko jotzen dute "jendartea eta instituzioen inplikazioa", eta hori dela eta hiritar orori luzatu diote elkarretaratzean parte hartzeko deia.

Epaiketa

Egunotan gauzatzen ari da Juan Carlos Aguilarren aurkako epaiketa EAEko Auzitegi Nagusian. Ada Otuya eta Yenny Rebollo hil zituela onartu du Juan Carlos Aguilarrek. Hori horrela, testigantza eta frogen zerrenda txikitu dute akusazioek. Familien abokatuen ustez zigorra txikiagoa izan dadin onartu ditu hilketak.

2013ko maiatzean eta ekainean Maureen Ada Otuya eta Yenny Sofia Rebollo hiltzea leporatuta, 40 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak Juan Carlos Aguilarrentzat. Bi emakumeak hil izana aitortu zuen akusatuak atxilotu zutenean, eta ez du bertsioa aldatu bi urteotan. Ondorioz, basakeriaz jardun zuen ala ez ebaztea giltzarri izango da zigorra zehazteko: Aguilarrek ukatu egin du hala jokatu zuela, baina frogek kontrako bidean joko dute.

Berria.info-tik hartua