Helburu bikoitza izan du Bilboko Koordinadora Feministak gaurko deitu duen elkarretaratzeak. Batetik, Maureen Ada Otuya eta Yenny Sofia Revolloren senide eta lagunei eta "Bilboko nigeriar komunitate osoari elkartasuna adieraztea". Bestetik, Ada eta Yennyren erailketen erantzulea epaitzeko auzian "eman dioten trataera salatzea". Bilboko Koordinadora Feministak "argi du" Ada eta Yennyren hilketak "indarkeria matxistaren eredu" direla, eta ez du ulertzen "zergatik ez dioten trataera hori eman".
Juan Carlos Aguilarrek basakeriaz hil zituela defendatzen dute koordinadorako kideek. "Forentseen argudioak ez ditugu ulertzen", adierazi du Ana Perez koordinadorako kideak auzitegiko atarian gaurko saioa hasi baino ordu erdi lehenago. Ada eta Yennyk "emakume izateagatik, euren lanaren tipologiagatik eta kanpotarrak izateagatik" bestelako trataera jaso dutela pentsatzen dute. Indarkeria sexista ez ezik "arrazakeria ere ematen dela", adierazi dute. Horregatik salatu dute indarkeria sexistaren aurrean "hartzen ari diren neurriak ez direla egokiak eta ez direla nahikoa".
Epaile, fiskal eta abokatuei "irmotasunez lan egiteko" exijitu diete koordinadorako kideek. "Emakumeok oraindik jarraitzen baitugu bigarren mailako hiritar izanez, eta emakume kanpotar eta beltza bazara hori ere ez, ez duzu mailarik". Gizarteko kide ororengana ere zuzendu dira, indarkeria matxistaren aurrean inplikatzeko eskatu diete.
Epaiketa
Atzoko saioan forentse eta perituek azaldu zuten Ada Otuyak kolpeak eta ostikadak jasan zituela, baina ez zuela jasan sufrimendu krudela. Gaur Fiskaltzak ez du basakeria larrigarri gisa aurkeztu zigor eskaria egitean. Juan Carlos Aguilarren aurkako epaiketari amaiera emateko azken orndorioen aurkezpenean, azpikeriaz eginiko bi hilketagatik Ministerio fiskalak 40 urteko kartzela zigorra eskatu du Aguilarrentzat.
Maureen Ada Otuya eta Yenni Sofia Revolloren senideen interesa defedatzen duen akuazio partikularrak eta Clara Campoamor elkarteak ordezkatzen duen herri-akusazioak euren eskariei eutsi diete azkeneraino. Basakeria izan zela argudiatzen dute, eta 45 urteko kartzela zigorra eskatu dute Aguilarrentzat.
Aguilarren defentsak ere hasierako eskariak berretsi ditu azken ondorioetan. Azpikeriaz eginiko hilketak aitortu ditu, baina ez basakeriaz jokatu izana. Basakeriaren aitortzak, zigorra gogortzeaz gain, kartzelako onurak eskuratzea zailduko dio Aguilarri.
Ahozko auzia amaitu den gaurko saioan Aguilarrek uko egin dio herri-epaimahaiari azken hitz batzuk zuzentzeko zuen eskubideari.
Herri-epaimahaiko kideek epailearen galdera batzuei erantzun beharko die bihar. Ada eta Jennyren hilketetan basakeriarik izan zen erabaki beharko dute. Bihartik aurrera epaileak edozein unetan eman dezake epaiaren berri.