Etxerik gabeko pertsonen etxebizitza-eskubideen alde Bizkaian lan egiten duen Beste Bi plataformak bere sorreran bezain "tristea edo are tristeagoa" den testuinguruan bete du zortzigarren urtemuga.
Gaur plataformako kideek biltzea erabaki dute, eta lehen zeregina izan dute azken urte honetan hildako etxerik gabeko pertsonak gogoan hartzea. "Bereziki, etxerik gabeko pertsonak izateaz gain, aterperik gabekoak ziren hiru horiek, eta 2015eko hasieran hil direnak: Enzo (50 urte) urtarrilean; Alex (26 urte) martxoan (biak kutxazain automatikoetan) eta orain dela egun batzuk, Manuel Jesus Getxon".
2015a "dramatikoa" izaten ari da aterperik gabekoentzat Beste Bi plataformako kideek gaur adierazi dutenez, eta horregatik minutu bateko isiltasuna gorde dute Enzo, Alex eta Manuel Jesus gogoratzeko.
"Aski da! Ez dadila inor gehiago hil kalean" ohiukatuz aldarrikatu dute etxebizitzaren eskubidea plataformako kideek: "Guztiok dugun eskubide gisa, eta ez asmoen aitorpen gisa. Etxebizitza publikoa, pertsona guztientzat nahikoa, duina eta egokia".
Ekitaldiak Barakaldon eta Algortan
Plataformak bihar eta etzi antolatu dituen elkarretaratzeen berri eman du. Bihar, ostirala, apirilak 24, Barakaldoko Foru Plazan 11:00etan eta -"batez ere"- astelehenean, apirilak 27, Algorta-Getxoko Telletxe plazan, ordu berean. Manuel Jesusen heriotza salatuko dute, eta omenaldia egingo diote.
Erantzukizun kolektiboa
Etxerik gabe egotea "aterperik gabe egotea baino askoz gehiago dela" argiro adierazi du plataformak. Beste Bik "erantzukizun kolektiboari" dei egin dio bere zortzigarren urtemugan. Bereziki komunikabideen erantzukizunari, "gogoratzeko etxegabetasunaz hitz egiteak etxebizitza arloko bazterkeriaz hitz egitea dakarrela, bere zentzurik zabalenean. Etxerik gabe dauden pertsonak honakoak dira: aterperik ez dutenak, etxebizitzarik ez dutenak edo segurtasunik gabeko edo desegokiak diren etxeetan daudenak" (ETHOS Tipologia, Feantsa).
Era berean, plataformako bozeramaleek nabarmendu dute etxebizitza duin bat ez daukaten pertsonek ez daukatela abiapuntu egoki bat gizarte-bazterkeria egoeratik irteteko ibilbideari ekiteko. "Euren abiapuntua ez da segurua, ez da nahikoa". Horregatik etxerik gabeko pertsonen egoera salatu eta "haiekiko arreta eta laguntza hobetzeko borondatea" berretsi dute. Finean, "beren bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko".
Kalean lo egiten duten pertsonen zenbaketa
2010eko ekainean, Udalaren, Aldundiaren eta etxerik gabeko pertsonen aldeko gizarte-erakundeen aldetik, "etxerik gabeko pertsonen lehenengo zenbaketa" egin zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Bilbon izan zen lehena. Horrela, kalean dauden eta baliabideen aldetik arreta jasotzen duten pertsona-kopuruaren inguruko "datu fidagarriak" lortu ziren lehen aldiz. 2011n Donostian egin zen. Bilbon 205 pertsona eta Donostian 45 pertsona zenbatu ziren.
Lehenengo unearen ondoren, 2012an eta hiru hiriburuen parte-hartzea izanik, hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak zenbaketa berri bat egin zuten, orduan hiru euskal hiriburuetan. Horren arabera, Bilbon 148 pertsona zeuden kalean; Donostian 66 eta Gasteizen 29. Azkenik, 2014an beste zenbaketa bat egin zen, eta "ia ez dago batere aldaketarik": Bilbon 141 pertsona, Donostian 89 eta Gasteizen 17.
Zenbateko horien inguruan
Lau urtez etxerik gabeko pertsona kopurua zenbatu ostean dio Beste Bik "ez dela aldaketa handirik egon". Gorabeherarik izan diren arren, "kezkagarria" iruditzen zaio plataformari "muturreko pobrezia egoera hori konpontzeko estrategiarik ez bideratzea".
Datuen arabera, emakume gehiago daude lehen baino: 2012an 13 pertsona zeuden kalean gaua pasatzen. 2014an 29koa izan da, hiru hiriburuetan. Kalean lo egin behar duten pertsonen "babesgabetasuna erabatekoa da", baina emakumeen kasuan "are gehiago, osasunaren aurkako erasoak izateko arriskua dela eta. Gizarte larrialdi bat da".
EAEko etxerik gabeko pertsona guztiak ez daudela zenbaketa horietan jasota ziurtzat jotzen du Beste Bik, udalerri batzuetan zenbaketarik ez delako egiten. Administrazio publikoen jarrera "txalotzen" du plataformak "azterketa mota hauek egiteko borondateagatik", eta pertsona guzti horientzat "konponbide egonkor eta duinak emateko" eskatzen die gizarte-bazterkeria jasaten duten talde guztietatik "gutxien ikusten dena" baita: "Ulertzen dugu Administrazioaren ardura dela, baina beste behin ere adierazi nahi dugu prest gaudela elkarrekin lan egiteko, pertsona horien egoera hobetze aldera. Oinarrizkoa da, era berean, pertsona horiekin harreman zuzena dutenei entzutea, beren lan-eremua kalean duten pertsonei".
Etxerik gabeko pertsonak alojamenduetan
2012an 1.448 pertsonak pasatu zuten gaua aldi baterako alojamenduetan EAEn. Aldiz, 2014an, 1.513 pertsona izan ziren. 65 gehiago. Zifra "oso antzekoak". Beste Biren aburuz, "etxerik gabeko pertsonen errealitatea erakusten du azterketa horrek", eta ildo horretan "EAEko etxegabetasuna erauzteko estrategia bat ezartzeko" exijitzen dio euskal administrazio publikoari. Egindako azterketen garrantzia ikusita, Beste Biren hitzetan "aurrera egiteko unea da". Euskadiko etxegabetasuna erauzteko "estrategia bat behar dugu; etxerik ez duten pertsonei arreta emateko politika global bat".
Pertsonei beren autonomia, duintasuna, eskubideak eta betebeharrak "berreskuratzen laguntzeko betebeharra daukagu". Estrategia horrek eragina izan behar du sektoreko politiketan, "baliabideak denontzako eskuragarriak izateko, pertsona guztiek baliabide nahikoak izateko, hurbilak eta egonkorrak". Prozesu luzeez ari da Beste Bi, "denbora eta egonkortasuna eskatzen dutenak", eta indibidualizatuta egon behar dutenak: "XXI mendean ez dauka zentzurik 'kolektiboez' hitz egiteak, pertsonei arreta eman gabe".
Europan abagunea
"Une zaila izan arren", administrazio publikoen aurrekontu faltagatik, Europa mailan "abagunea daukagula" adierazi dute gaurko agerraldian plataformako kideek. Adibidez, "gizarteratze-planaren ebaluazio egoki bat aukera izan liteke plan horretan etxegabetasunaren ikuspegia txertatzeko".
Egiturazko Fondoen eta Europar Batasunaren Inbertsioen 2014-2020 finantza-aldiaren plangintza oso lotuta dago 2020ko Europa Estrategiarekin, eta FSE Araudiak -Europako Gizarte Fondoa- ezartzen du gutxienez zuzkiduraren %20 bideratu behar dela gizarteratzera eta pobreziaren aurkako borrokara. "Honen aurrean, baliabide falta ezin da inoiz aitzakia izan", Beste Birentzat.
Azkenik, "gizarteratze-programa berritzaile bat aurkezten badugu", Europar Batasunaren ekarpena %50etik %60ra handituko dela adierazi dute Beste Biko bozeramaleek. Izan ere, 2016rako gomendatzen dute herrialdeek etxegabetasuna erauzteko estrategia batzuk ezarrita edukitzea, 2020ko Europa Estrategiaren barruko fondoak erabili ahal izateko. "Etxegabetasuna erauzteko politikak gure administrazioen eta horien barneko sailen mendekoak dira. Politika publiko horien arteko koordinazio egokia erraztu behar dugu eta etxerik gabeko pertsonekin lanean urte asko egondako eragileen ibilbidea aprobetxatu behar dugu -administrazio publikoa et gizarte-erakundeak-, pertsona horien gizarteratzea errazteko baliabideak eta ahaleginak optimizatzeko".