200 kultura jarduera, batik bat, kalean

uriola.eus 2015ko api. 28a, 13:05

Bilboko barrutiek animazio eta kaleko arte eszenikoen kultura eskaintza zabala hartuko dute 'Kultura Kalez Kale' ekimenari esker. Guztira 200 ikuskizun eta jarduera inguru izango dira, ikus-entzule guztiei zuzenduta. Gehien erabiliko den eszenatokia kalea izango da.

Eskaintza anitz hori maiatzeko lehen asteburuan jarriko da martxan, Ibaiondoko, Deustuko eta Abandoko barrutietan jarraitu ahal izango diren musika eta antzerki jarduerekin, baina barruti guztietara zabalduko da hileko lehenengo astean, Magia Topaketak bezalako programak martxan jartzen direnean. Topaketa horietan hogei mago inguru elkartuko dira, gehienak gero eta ospe handiagoa lortzen ari diren Estatu osoko, Frantziako eta Alemaniako magoak, ikus-entzule guztiei zuzendutako oso ikuskizun anitzekin. Ikuskizunak hilabete osoan izango dira, Txurdinaga-Otxarkoaga barrutiko plazetan eta Otxarkoagako udaltegian.

Maiatzaren 7tik aurrera, Clown Zorrotza izenekoaren laugarren edizioa ospatuko da, Azoka parkean. Aurten izen handiko bost konpainiak hartuko dute parte programan: bi euskaldunak izango dira, Xanti Ledesma eta Ganso & Cía, Mathieu Moustache eta Monkey Style frantsesak eta Jessica Arpin clown suitzarra. Udaberri honetan, Bilbok Zirkualde, Hiriko Zirku Jaialdia, ere jasoko du, ekainean, Errekalde auzoan.

Folklorea

Halaber, gure hiriko plazetan eta kaleetan ospatuko diren erromeria herrikoien, dantzaldien eta kalejiren bitartez Euskal Herriko folklore herrikoia bultzatzeko helburu nagusia duen Dantza Plazetan programak, gure Hirian tradizio gehien duenetakoak, erromeriaz, dantza erakustaldiz eta kalejiraz osatutako programazioarekin jarraituko du hilabete hauetan.

Maiatzean hasiko dira, baita ere, bertsolaritzan zentratuko den Santutxuko Udaberriko Bertso-Saioak egitaraua, eta barruti guztietako hainbat leku, estilo anitzetako kaleko musika banden erritmoz beteko dituen Musikauzo programa, maiatzeko eta ekaineko ostiraletan eta larunbatetan.

Fanfarria klasikoenaren soinuak eta animazioa Sugarri Show taldearen eta hainbat estilo lantzen dituzten Orkestra Elektrotxaranga, Kuklux Band Fanfarria edo Sama Siku bezalako beste banda batzuen, edo nazioartetik etorritakoen eskutik helduko dira, Frantziako Funky Style Brass edo Ingalaterrako Perhaps Contraption, besteak beste. Horrez gain, Bigarren urtez jarraian, ikus-entzuleek hainbat estilo lantzen dituzten musikari euskaldunez gozatu ahal izango dute, ekainean Deustuko eta San Inazioko hainbat eszenatokitan programatu diren zuzeneko emanaldiz osatutako zikloan, Euskarazko Musika Lehen(a) Barrutian programaren barruan.  

Kultura gehiago

Beste alde batetik, bi hilabete hauetan hiriko barruti guztiek jasoko dituzten proposamen ugariez gain, Abandoko udaltegiak 'Musika dibertigarria da' kontzertu didaktikoen edizio berria jasoko du maiatzean, eta Zorrotzako udaltegiak Zine Zorrotza egitaraua, maiatzean eta ekainean eskainiko diren saioekin. Saio horietan, Bilboko azken Zinebiko eta FANTeko film labur hoberenen aukeraketa eskainiko da. Horrez gain, auzoan bertan bizi den German Alcarazu antzezleak aurkeztuko duen A escondidas film luzea ere eskainiko da.

Horrez gain, Olabeagako Udaltegiak, jada ohikoa den aire zabaleko zine saioa jasoko du ekainaren 26an, FAS zine-klubarekin elkarlanean. Egun horretan El negociador lana eskainiko da, eta Borja Cobeaga eta Ramon Barea bertan egongo dira.

Berrikuntza gisa, programazioak aire zabaleko ipuin-kontalari saioak eta umorezko ipuinak jasoko ditu Ibaiondoko barrutian. Horrez gain, Kultura Kalez kale egitarauak kaleko antzerkia programatu du hiri osoan, familia osoari zuzenduta, batez ere ikus-entzuleen artean barrea eragiten espezialista diren Malas compañías, Ganso y Cía edota El Sainete bezalako euskal konpainiekin.

Kultur programazio deszentralizatua urte osoan zehar gauzatzen da, baina jarduera gehienak udaberrian zentratzen dira, garai horretan aukera gehiago dagoelako kalea eszenatoki gisa erabiltzeko eta Bilboko auzoetako beste gune batzuetara proposamen interesgarriak eramateko. Horrela, Kalealdia Bilboko antzerki eta kaleko arteen jaialdia, ospatuko den uztailera bitartean, Bilboko barrutietan antzerkia, musika, zirkua, folklorea, abesbatzen kontzertuak, tailerrak… izango ditugu. 

Programazio zabal hori hiritar guztiei ezagutarazteko, Kultura eta Hezkuntza Sailak informazio guztia jasoko duten koadernotxoak argitaratuko ditu. Liburuxka horiek datorren astetik aurrera jaso ahal izango dira Barrutietako Udaltegietan. Horrez gain, ordutegiei, kokalekuei eta egunei buruzko informazio guztia: www.kulturabarrutik.net helbidean egongo da.