Judy Garlanden klasikoak jazz eran

uriola.eus 2015ko mai. 5a, 09:56

Bere ahotsari eta interpretazioari esker, Jane Monheit estatubatuar kantaria jazz generoko erreferente bihurtu da. Horren froga dira azken hamarkadan jasotako goraipamen eta sari ugariak.

Jane Monheiten lehen diskoa ‘Never never land’ izan zen eta jazzaren kritikarien elkartearen iritziz debuteko diskorik onena izan zen. Bilboard zerrendaren goiko aldean egon zen urtebetetik gora. Horren ondoren grabatutako beste lan batzuek ere antzeko arrakasta lortu zuten. Haren kategorian, saldutakoen zerrendetan lehen postuetan egon dira eta Grammy sarietarako aipamen bi lortu zituen. Orain Janek, Judy Garlanden omenezko bere ikuskizunean, ‘You Gotta have me go with you’, ‘I wish I were in love again’, ‘Over the rainbow’ edo ‘Hello Bluebird’ bezalako klasikoak interpretatzen ditu.

Jane Monheit (Oakdale-Nueva York, 1977) profesional moduan hasi zen kantatzen Bohemiako Connetquot bigarren hezkuntzako eskolan (Nueva York) ikasten ari zela. Eskola horretan graduatu zen 1995ean. Manhattango Musika Eskolan (Nueva York) kantua ikasi zuen Peter Eldridgeren zuzendaritzapean. 1999an eskola horretan graduatu zen ohorearekin eta Musikan lizentziatura eskuratzeaz gain, William H. Borden saria eskuratu zuen. Rick Montalbano bateria-jotzailearekin ezkonduta dago eta seme bat dute.

Karreran dagoeneko 9 album eta 2 DVD kaleratu ditu eta artista gonbidatu gisa beste askotan parte hartu du. Sky Captain and The World Of Tomorrow filmaren soinu-bandan badu kolaborazio bat; izan ere, ‘Over the rainbow’ kantatzen du. Urte osoan hainbat jira egin ohi ditu bere bandarekin. Banda horretako partaideak dira Michael Kanan (pianoa), Neal Minero (baxua) eta Rick Montalbano (bateria). Eta Amerikako Estatu Batuetako orkestra sinfonikorik nagusienekin ere kantatu ohi du.

Kontzertua: gaur, maiatzak 5 asteartea, 20:00etan, Campos Eliseos antzokian. Prezioa: 6€

Jazza hoteletan

365 Jazz Bilbao zikloak hurbileko, tokiko talentuari ere bere bealioa eman nahi dio. Berriz ere, estatuan ibilbide arrakastatsua eta sendoa izan duten taldeen aldeko apustua egin nahi du. NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao eta Silken Indautxu hotelak izango dira jazz gauen eszenatokiak asteburuetako gauetan. Programaren bigarren atal hori doakoa izango da eta hoteletan eskainiko diren kontzertuak entzuteko ez da sarrerarik beharko. Edaria hartzeak ekitaldiaz gozatzeko aukera eskainiko du.

365 Jazz Bilbao

Programak entzule-mota guztiengana heldu nahi du eta estilo desberdinak barnebildu nahi ditu: jazzeko sustrai sakonenetik hasi eta azken abangoardietaraino, beste zenbait generorekin egindako fusioak ahaztu gabe, besteak beste, horien artean musika klasikoa, rocka, blusa, hip hop edo ‘munduko musikak’ ditugu.

Asko dira 365 Jazz Bilbao zikloaren bereizgarri diren artistak, taldeak, erritmoak eta estiloak. Jazzaren zaleak ugari direnez gero, ziklo honek hasiera-hasieratik bilatu izan du kalitaterik gorena, programazio askotarikoa eta ikusle guztientzako prezioak.

2015eko edizioaren lehen zatia (otsailetik ekainera) izen handiz beteriko kartel batekin hasi zen: otsailaren 11n Zara McFarlane abeslari ingelesak hasi zuen denboraldia eta, ondoren, Tony Allen bateria-jotzaile afrobeat-aren txanda izango da (martxoaren 11n) eta Manu Katché perkusionista eta konpositore frantziarra (martxoaren 31n) izan ziren. Onraingo honetan Jane Monheit abeslari estatubatuarraren txanda da (maiatzaren 5ean). Gero, Chritian McBride Philadelphiako baxu-jotzaile birtuosoa (ekainaren 2an) etorriko da.