Bilboko Udal Bandaren musika pantaila handira helduko da

uriola.eus 2015ko api. 29a, 08:00

Udal Bandaren musika zine aretoetara helduko da apirilaren 30etik aurrera. Egun horretan estreinatuko da 'Pos eso' helduentzako animazio filma. Lan horren soinu banda 2014. urtearen hasieran grabatu zen, Udal Musika Bandaren egoitza den BilbaoMusikako Auditorioan. 

Taldeko 45 musikari baino gehiagok Aritz Villodasek idatzitako lanak interpretatu zituzten, eta bere zuzendaritzapean, 'Pos eso' lanaren soinu banda osatzen duten musika lanak eta track-ak jo zituzten. Villodasen eta klaketaren kolpeenaginduetara, euskal film horren soinu banda grabatu zuten, segundoz-segundo, zineak eskatzen duen bezala, soinua eta irudia guztiz bat etor daitezen.

 

Ez da Bandak zinerako soinu banda bat interpretatzen duen lehen aldia. Beste batzuetan ere egin du, horien artean Euskalduna Jauregian, 'Lo imposible' lanaren musika eskaini zuen kontzertu txalotuan, lan horren konposatzailea izan zen Fernando Velázquez getxotarraren zuzendaritzapean. Baina, apirilaren 30etik aurrera 'Pos eso' filma eskainiko den zine areto guztietan Banda entzutea gauza berria da.

Basque Films eta Conflictivos Productions etxeek ekoiztutako 'Pos eso' filma, lanez betetako urte askoren emaitza da. Asmo handiko proiektua da, stopmotion deritzon animazio tekinka klasikoan filmatua eta 3D tekniken integrazio handiarekin. Miniaturako platoetan aktoreen papera egiten duten eskalan egindako panpinek, 3D teknika  berrienekin egindako beste batzuekin elkarbiztzen dira film honetan.

Sam-ek zuzendu eta idatzi duen filmean, zendu diren Marivi Bilbao eta Alex Angulo antzezle bilbotarrek jarri dizkiete ahotsak animaziozko pertsonaiei, Anabel Alonso, Josema Yuste edo Santiago Segura bezalako beste batzuk ahaztu barik.

Sinopsia

"La Trini" mundu osoan ezaguna den flamenko dantzariak oholtzak utzi ditu depresio sakon baten ondoiroz. Gainera, bere 8 urteko semeari (Damián), deabru bihurri bat sartu zaio, maltzurkeria gaizto eta dibertiarrienak  eginaraziz.Ez dago umearen jokabidea azaltzeko gai den mediku, psikologo ezta psikiatrik ere, eta bere egoerak naturaz gaindiko azalpena behar duen arte gaiztotzen joango da. Trinik Lenin Aitarekin harremanetan jartzea erabakitzen du. Fede krisialdi batean murgilduta dago eta elizak kanporatu egin du baina, hala ere, apaiz hau familiak lasaitasuna bereganatzeko duen esperantza bakarra da, seinale guztiek adierazten dutenez.