Sukaldaritza onenaren pintxo zaporetsuenak neurri txikian eta prezio bakarrean (1,50 euro) dastatzeko beste aukera bat izango dugu. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta maiatzaren 10era arte luzatuko da. Izena emateko fitxa depintxos.net webgunetik jaso daiteke, euskaraz zein gaztelaniaz. Pintxoak dastatzeko egunak 2015eko ekainaren 4tik 7ra eta 11tik 14ra izango dira, 12:30etik 15:00etara eta 19:00etatik 20:30era. Aukeratutako parte hartzaile kopurua ezingo da 100 baino gehiagokoa izan, eta establezimendu parte-hartzaileen aukeraketa eskabideak aurkezteko ordenaren araberakoa izango da. Hautatu ondoren, establezimenduak izena emateko kuota ordaindu beharko du.
Edizio honetan lehiaketaren babesle ofiziala Cerveza San Miguel izango da. Parte hartuko duten establezimenduek 220,00 euroko parte-hartze kuota ordainduko dute, eta, hori dela eta, abantaila hauek izango dituzte:
• Taberna eta jatetxeetan banatuko diren komunikazio materialetan agertzea, sare sozialetan aktibatzea eta txapelketaren www.depintxos.net webgune ofizialean agertzea; oraingo honetan, estatuan ezaguna den www.detapas.com webguneari lotuta dago.
• Eskura jarriko da babeslearen produktu-sorta bat; 220,00 euroko balio zenbatetsia du.
"Urrezko Zotza" sariak
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hiru sari emango dituzte, hain zuzen ere Urrezko Zotza, Zilarrezko Zotza eta Brontzezko Zotza izenekoak. Bi kategorietan emango dituzte sariak, pintxo librearen kategorian eta osagai berezi batekin prestatutako pintxoen kategorian; aurten osagai berezia antxoa izango da. Honako hauek izango dira hautapen irizpideak: osagaien kalitatea, prestaketa eta aurkezpena. Hamazazpigarren edizio honetan Pintxoen establezimendurik onenari saria ere banatuko da; Urrezko Zotza, Zilarrezko Zotza eta Brontzezko Zotza mailetan emango da.
Lehiaketaren erakunde sustatzaileek epaimahai tekniko profesionala izendatuko dute, dastatze egunetan modu anonimoan eta aurre abisurik gabe lanean arituko dena. Epaimahaiak bi kategorietako zazpi pintxo onenak aukeratuko ditu, baita establezimendu finalistak ere. Hautatutako pintxoek amaierako ekitaldian parte hartuko dute, 2015eko ekainaren 25ean, Artxandako Ostalaritzako Goi Eskolan, eta, bertan, establezimenduek in situ prestatu beharko dituzte finalera heldu diren pintxoak. Ekitaldi horretan, ospe handiko epaimahai aditua egongo da eta sari guztiak banatzeaz arduratuko da.
Azkenik, publikoaren sari berezia ere emango da, herritarrek aukeratutakoa; izan ere, herritarrek pintxorik gogokoenaren alde bozkatu ahalko dute lehiatuko diren establezimenduetan bertan. Parte hartu dutenen artean bi pertsonentzako asteburua zozkatuko da, saridunak aukeratzen duen Bizkaiko landetxean.
Informazio gehiago hemen