Chromeo, Julio Bashmore eta Monarchy BBK Liven egongo direnhamabi takde berrien artean

uriola.eus 2015ko mai. 5a, 13:19

Bilbao BBK Live jaialdiak bere kartelean sartu berri diren hamabi talde aurkeztu ditu; horien artean, honako hauek gailentzen dira: Chromeo electrofunk-eko bikote kanadarra, DJ Set formatuan, Julio Bashmoren house soinua eta Monarchyren synthpop-a. 

Aire zabaleko musikarik onenarekiko hitzorduak Kobetamendiko zelaiak beteko ditu uztailaren 9an, 10ean eta 11n. Lehenengo egunean Mumford & Sons izango dira kartelburu, ostiralean The Jesus and Mary Chainen ikusteko aukera egongo da, eta larunbatean giroa jendetsua izango dela aurreikusi dute, Muse taldearen kontzertua dela eta; jardunaldi horretarako egun baterako sarrerak agortuta daude.

Chromeo DJ Set-en karrera sendoa da, hamar urte baino gehiagokoa, eta bikoteak lau disko editatu ditu; azkena, 'White Women', 2014an argitaratua. Dave One eta Pee Thug kanadarrek zuzenean erakutsiko dute remix-ak egiteko duten talentua, soberan frogatua, Sebastien Tellier, Lenny Kravitz, Tiga, Cut Copy eta beste artista batzuen kantekin. Erreferentzia horiekin, ikusle gauzaleenek ezinbesteko hitzordua edukiko dute Chromeoren dantza-musikarekin.

Julio Bashmore Bristoleko musika elektronikoaren buruan kokatzen da; hiri hori erreferentzia-puntua da generoaren barruan, bai eta Erresuma Batuan biztanleko musikari kopuru handiena daukana ere. House amerikarraren ezagutza bikainak eta Bristoleko musika elektronikoaren ezaugarri diren baxu-linea boteretsuek garaiko produktore onenetariko bat bihurtzen dute Julio Bashmore. Dantzalekuek bere lana bermatzen dute, berak sortutako hit-ak, adibidez 'Battle for middle you' edo 'Kong', txalotuz.

Monarchy synthpop-eko bikote londrestarra itzuli da: haien azken diskoa, 'Abnocto', joan den martxoan argitaratu zen. Bikotea 2009an eratu zen eta hasiera-hasieratik kritikaren babesa eduki du, lehenengo diskoaren aurrean, 'Around the Sun' (2011), makurtu baitzen. Haien soinua bitxia da eta maila altuko artisten (esate baterako, Ellie Goulding, Kelis, Lady Gaga, Marina and the Diamonds, Jamiroquai edo Kylie Minogue) remix-en zerrenda luzea daukate; horri esker, azken bost urteotan nazioarteko jaialdi handietan jokatu dute, besteak beste, Coachella-n (California, AEB).

Beste berrikuntza bat BeGun da, Gunsal H. Moreno bartzelonarraren izen artistikoa, estatuko elektronikako etorkizun oparoko musikaritzat jotzen dena. Haren musika-proposamena, malenkoniatsua eta esperimentala, biolin-jotzaile gisa izan duen trebakuntzaren, elektronika garaikideko kantak editatzen igaro dituen gau ugarien eta askotariko musika-proiektuetatik igarotzearen emaitza da. Nazioarteko artistekin, adibidez Com Truisekin, elkarlanean aritu da eta Bastille, Hola a Todo el Mundo eta beste talde batzuei remix-ak egin dizkie.

Buffetlibre produktoreen eta DJ-en bikote katalanak Songs For Elaine albumaz (2013) egindako estreinaldi handiaren ostean jokatuko du Kobetamendin. Disko horretan Matthew Herberten eta Micah P. Hinsonen kolaborazio entzutetsuak eduki dituzte eta aurrera egin dute beren indie-pop eta elektronikaren nahasketa berezian. Gaur egun, Europa osoko dantzalekuetan ibilaldiak egiten dituzte eta proiektu solidarioetan parte hartzen dute; adibidez, haien azken EP-ak, 'Elaine’s Ghots' izenekoak, ekarritako onura guztiak Oxfam Intermoni emango dizkiote. Azkenik, Lapalux britainiar talentu gazteak, jatorriz Essex-ekoa baita, haren saioak ezaugarritzen dituzten soinu atmosferiko eta oroitarazleetan bilduko du Kobetamendiko paisaia.

Jägermusic taldeak

Jägermeisterek estatuko taldeak babesteko erabiltzen duen musika-programa lehenengo aldiz helduko da Bilbao BBK Live jaialdira. Jägermusicek Escenario Bosque-ren programazioaren barruan jokatuko duten zazpi talde ekarriko ditu; bertan, goraka ari diren musika-proposamen berrien eta talde finkatuagoen arteko oreka bilatzen da. Horien artean daude The Parrots indartsuak, Madrilgo garage-punk estiloko talde bat; Hinds-ekin partekatutako eta Burger Records etxe iparramerikarrak editatutako single bat atera berri dute. Indarrez igotzen ari diren beste madrildar batzuk Trajano! dira, uhin berriko rock-eko konbinazioarekin eta agertokian erakusten duten jarrera handiarekin. Jupiter Lion valentziarrek osatzen dute proiekzioko artisten multzoa eta 'Brighter' (2014) diskoa aurkeztuko dute.

Goraka ari den musika

Goraka ari den musikaren atalean, aurre-aurrean, Siesta! taldea dago, hori ere Valentziakoa; haien zuzeneko hipnotiko eta izugarriek punk-a, kraut-a eta elektronika nahasten dituzte hainbana. Galiziatik Músculo! heldu da, proposamen elektroniko alternatiboarekin; eta Madriletik, aldiz, Der Panther, dantzako elektronikako bikote bat, bere nortasuna oihalezko kubo baten atzean ezkutatzen duena eta horien gainean proiekzioak egiten dituena. Eta, lehenengo aldiz Bilbon, Olde Godsek jokatuko du, Guillamino eta JMII produktoreek osatutako house analogikoko proiektu berri batek.

Azkenik, Gaztearen maketa-lehiaketaren azken edizioa irabazi duen taldea agerraraziko dute, Nazca bilbotarrak; haien kanta akustiko honetan entzun dezakezue.