Balorazio-aldi baten ostean, udalekuetan onartzeko adinaren muga aldatzea erabaki dute: 2001ean jaiotakoak ere inskribatu daitezke. Hortaz, familiako bigarren kide bat joatekotan, 2000n jaiotakoak joan daitezke.
Aurre-inskripzioa egiteko epea zabalik dago apirilaren 27tik maiatzaren 15eko 14:00etara bitartean. Onartutakoen zerrenda maiatzaren 22an argitaratuko da, eta matrikula ekainaren 5a arte egin ahal izango da. Inskripzioa, zerrenden kontsulta eta matrikulazioa aurre aurre egin daiteke Bilbao Musikaren egoitzan, Sorkunde kaleko 8an, posta elektronikoz (amaiabilbao@bilbaomusika.net) edota webgunearen bitartez (www.bilbaomusika.net).
Uztailean egoitzan egin behar dituzten lanak direla eta, musika udalekuak inguruko ikastetxe batera eramango dira, Zabalbide kaleko 21. zenbakian kokatuta dagoen Angeles Custodios ikastetxera, alegia.
Udalekuetan bi txanda programatu dira; bata, ekainaren 29tik uztailaren 10era, eta bestea uztailaren 20tik 30era bitartean. Aurten, berritasun gisa, Musika Astea egingo da uztailaren 13tik 17ra, eta udalekuetan dauden neska-mutil guztiek parte hartu ahal izango dute. Musika Astea umeen sormenari eragiteko moduko jarduera jostagarriez beteta egongo da.
Bi gai amankomun landuko dira udalekuetan; 'Euskal emakume musikagileak' eta 'Geure folklorea'. Horiez gain, hamabostaldi bakoitzean gai desberdinak jorratuko dira: lehenengo txandan, 'Soul:arima ematen' eta 'Nueva Orleans-etik', eta bigarren hamabostaldian,'Adagio eta letra onarekin' eta 'Afrikako danborrak'.
Ohiturari jarraiki, bi udaleku-txanden buruan, Amaierako Jaialdi bana egingo da, uztailaren 9an eta 29an, hurrenez hurren. Agertoki gaineko protagonista izanik, neska-mutilek beren dohain musikalak eta interpretatiboak erakutsi ahal izango dituzte senide eta lagunen aurrean.